Alaiak Koralak jasoko dau IV. Marixelarre Saria
2025-02-20 07:45 KultureaMartiaren 8an, Emakume Nekazari, Abeltzain eta Artisauen Azokan.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Alaiak Koralari emongo deutso aurton Marixelarre Saria: emakumez osotutako abesbatzearen ibilbidea autortzeko eta, batez be, bardintasunaren arloan udalerriari egindako ekarpena balioan jarteko. Saria, Amorebieta-Etxanoko Emakume Nekazari, Abeltzain eta Artisauen Azokearen barruan emongo da, martiaren 8an eta helburu da, udalerriko bardintasunaren aldeko proiektu, kolektibo eta personen lana azpimarratzea.
Alaiak Korala, emakumez osotutako abesbatza da eta Amorebieta-Etxanoko bizitza kulturalaren parte aktiboa izan da beti. Orain lau hamarkada sortu zan, emakume talde batek abesbatza bat bultzatzea hain ohikoa ez zan garaian. Halanda ze, horrek, balio erantsia emoten deutso koralaren ibilbideari. Ganera, herriko ekitaldi askotan parte hartu dabe, Amorebieta-Etxanoko bizitza kulturalari euren musikea eta konpromisoa emonez.
Alaiak Korala, abesbatza bat baino askoz gehiago da. Emakumeen arteko topagunea eta babesa izan da, abesteaz gan, laguntasun-sare bat ehundu dabe-eta. 2024ko zemenediaren 22an, Zornotza Kultur Alkarte Artistikoan, Santa Zezilia egunaren barruan eskainitako agur-ekitaldian adierazo eben lez: oso giro berezia sortu dogu urte honeetan, askorentzat etxetik urteteko eta beste persona batzuekaz konektetako modua izan da.
Amorebieta-Etxanoko alkateak, Ainhoa Salterainek, autortza horren garrantzia azpimarrau dau: Alaiak Korala gure udalerriko historia kulturalaren parte izan da, baina bardintasun alorrean, emakumeen alkartasun eta topagune bezela egindako lana ukatuezina eta izugarria da. Sari horregaz, eskerrak emon gura deutsegu orain 40 urte erakutsitako ausardiagaitik eta Amorebieta-Etxanori egindako ekarpenagaitik.
Marixelarre Saria
2022tik, Amorebieta-Etxanoko Udalak urtero emoten dau Marixelarre Saria. Beraz, genero bardintasunaren alde egindako burrukeagaitik eta Amorebieta-Etxanoko gizarte eta kultura arloetan egindako ekarpenakaitik nabarmendutako kolektiboak saritu ditu. Ondoko honeek dira sarituak: 2022an, herriko lehen emakume alkartea; 2023an, 1940 eta 1975 urteetan artean lan egin eben emakume zornotzarrak; eta, 2024an, 1.205 herriko emakume kirolariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!