'Gure Haurrak ere badira' egitasmoak alkartasun mezuak jaso ditu
2025-02-20 08:31 KultureaBostehun baino gehiago, Euskal Herriko ume zein nerabeen eskutik.

Igazko zemendiaren 30etik aurtongo urtarrilaren 31ra arte, Gure haurrak ere badira egitasmoak Euskal Herriko ume zein nerabeek Palestinako edadekideentzat sortutako alkartasun mezuak jaso ditu. Ikasgeletan zein etxeetan, bakarka edota taldeka, ume palestinarrei zuzendutako bostehun alkartasun mezu baino gehiago. Era guztietako mezuak dira Euskal Herriko hamaika ikastetxetatik zein etxeetatik bialdutakoak: marrazkiak, gutunak, ordenagailuz egindako irudiak, olerkiak, bertsoak, bideoak eta abestiak.
Ume palestinarrakazko alkartasuna lantzen dauen herri egitasmo horrek X sarean jarri ditu mezu guztiak. Hemen dagoz ikusgai.
Mezu horreek guztiak Palestinaraino heltzea dabe helburu, une honetan genozidioaren biktima zuzenak diran ume palestinarrek jaso eta sentidu deien euskal ume zein nerabeen alkartasuna. Sentimenduz betetako mezu horreek guztiak batu eta Palestinara bideratuko ditu Gure haurrak ere badira egitasmoak, ondoko bideetatik: Ingalaterran dagoan eta mundu zabaleko alkartasun mezuak batzen dituan Letters for Palestinian childhoods alkartearen bidez eta Mundubat euskal alkartearen bidez.
Batetik, munduan zehar alkartasun egitasmoak gauzatzen dituan azken alkarte horren eskuetan itxi barri ditue ehunka mezu. Bestetik, Cris Cordeiro Lopez Gure haurrak ere badira egitasmoko kideak maitasunez betetako karpeta erraldoia eta pen drive bat emon deutso Mundubat alkartearen ordezkaria dan Eneko Gerrikabeitiari, Palestinaraino heldu arte mezuak jagoteaz ardura deian.
Horrezaz gan, Mitxel Elortza Gure haurrak ere badira egitasmoko kideak Euskal Herriko umeek Palestinan pasetan dagoana ulertu deien idatzitako Askatasun doinua ipuina be bialduko dabe, arabierara itzulita, ume palestinarrek be lan hori ezagutzeko.
Gure haurrak ere badira egitasmoa 2023ko urrian sortu zan. Euskal Herriko hainbat txokotan martxan jarri zan iniziatibea, 2024ko apirilean Euskal Herri mailan zabaldu eben EHko gurasoak eta hezkuntza arloan lan egiten daben langileak.
Euskal Herriko gurasoen indarra gehitu nahi dabe Palestinaren kontrako Israelen genozidioa geldiarazoteko. Halanda ze, bide horretan sortu eben Gure haurrak ere badira manifestua (https://labur.eus/gurehaurrak). Asko dira manifestua babestu dabenak, esaterako, Euskal Herri osoko 200 ikastetxetako guraso alkarteak, Euskal Herriko Ikastolen Alkartea, EHIGE - Euskal Herriko Ikasleen Guraso Alkartea eta ELA, LAB, STEILAS, CCOO, UGT eta CNT sindikatuak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!