Anarru Egunaren ohiturea ikasleen artean ezagutzera emoteko asmoa dago Bakion
2025-02-20 08:10 KultureaUnidade didaktiko bat produzidu dau Bakioko Udalak.

Igaz berreskuratutako aratuste herrikoia, Anarru Egunaren ohiturea ikasleen artean ezagutzera emoteko asmoz, ariketearen eta olgetearen bidez herriko historian sartzeko aukerea eskainiko dabe. June Markaida bakiotarrak sorturiko unidadea da, Udalak finatziautakoa eta Itxas-alde jantza taldeak eginiko ikerketea dau oinarri. Lehen hezkuntzan lantzeko moduko ariketak ditu: memoria-olgetak, koloreztatzeko txantiloiak, irakurgaiak, ulermen galderak, gurutzegramak eta bestelakoak. Gainera, irakasleei zuzendutako giden atal bat be badauka.
Itxas-Alde jantza taldeak urtero Euskal Herriko inauteriren baten eszenaratzea egin ostean, Bakioko historian arakatzen hasi eta konturatu ziran herrian bertan be baegoala aratusteak ospatzeko ohitura berezi bat: anarruena. Herrian anarruak urtetean eben kalera, baserri eta auzoetako bideetara, iluntasuna lagun. Antxina anarru berbea mozorroa izentetako erabilten zan eta herriko aratusteetako personaia nagusiari be anarru deitzen jakon. Berba horrek badau berezitasuna, Bakion baino ez dalako erabili.
Igazko Anarru Egunak harrera ona izan eban eta aurten be ospakizuna egingo dabe martiaren 8an. Arratsaldeko 17:00etan kalerik kale ibiliko dira antzezpenean eta jai giroan eta ostean erromeria egongo da Enderika plazan. Hainbat anarru edo mozorro aukera dagozanez, domeka honetan, hilak 23, horretxek prestetako tailerra eskainiko ditue Ibarretan, 11:30etik aurrera. Hurrengo erreminta eta materialak ekarteko deia egin dabe: artaziak, bala haria, zaku telea, lastozko txanoa, zintzarriak, narru zatiak, eta oihal zuria, fina edo normala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!