50 jarduera baino gehiago atondu ditue
2025-02-19 13:50 KultureaBilboko Aratusteak zezeilaren 27tik martiaren 4ra arte izango dira.

Jaietako Batzorde Mistoko kide guztiek, Itziar Urtasun Jaietako zinegotzi eta Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzi ondokoa buru dala, udal-korporazinoko beste kide batzuekaz, Bilboko Konpartsak taldeko ordezkariak, Fekooreko kideak eta Alde Zaharreko Merkatarien Alkartea, Aratusteetako egitarauaren zehetasun guztiak aurkeztu ditue.
Ekitaldi horretan jentaurrean agertu dira Farolin eta Zarambolas, Aratusteetako bikote ospetsu eta maitatuena: Josu Camara eta Oihana Bartra.
50 jarduera baino gehiago
Guztira, 50 jarduera inguru atondu dira uriko hainbat espazioetan, besteak beste: Kale Nagusia, Plaza Biribila, Zazpi Kaleak, Arriagako plaza eta Plaza Barria. Ekitaldi nabarmena izango da ikastetxeen desfilea eta ondorengo txokolate-jana eta umeentzako ikuskizuna, barikuan, hilaren 28an; baita egun bereko arratsaldean Farolin eta Zaranbolas personaiei egingo jaken epaiketea be.
Erraldoiak, buruhandiak eta gargantua, umeentzako tailerrak Plaza Barrian, Bilboko Udal Bandea, Bilboko Txistularien Bandea, kontzertuak, musikea, fanfarriak, erromeriak eta mozorroak be izango dira.
Aratusteei amaierea emongo deutsen ekitaldia: sardinaren hiletea, Plaza Barriaren eta Arriaga plazearen artean egingo da.
Farolin eta Zarambolas
Bilboko Udalak zezeilaren 13an aurreratu eban bezela, Josu Camara aktore eta zuzendaria eta Oihana Bartra bertsolaria izango dira aurtongo Farolin eta Zaranbolas.
Farolin esparru publiko edo profesionalean izena lortu dauen bilbotarra da, Bilboren izena ahotan ibili eta bilbotarra izatea nabarmentzen dauen personaia; Semper Plus Ultra / Beti harago leloak laburbatzen dau bere ustea.
Josu Camarak interpretauko dau personaia. Bilboko hainbat auzotan hazi eta bizi izan da. Irakaslea izan arren, antzerkiaren mundura egin eban salto pentsau barik. Kukubiltxo Antzerki Taldeagaz bat egin eta dagoeneko, 45 urte emon ditu oholtzetan.
Zaranbolas Bilboko persona bat da, ezerk ozpindu edo bizitea aldarazoko ez deutsona. Ondo bizitea gustetan jakona, Carpe Diem / Gozau ahal dozun bitartean da bere bizimodua ondoen adierazoten dauen goiburua.
Oihana Bartra Arenas personaia horregaz identifiketan da. 1984ean Santutxu auzoan jaiotako bilbotarra, ofizinoz irakaslea. Bertsolaria izanik, plazaz plaza ibili da, 15 urtegaz Santutxuko bertso eskolean hasi zanetik. Euskerea eta euskal kulturearen defendatzaile amorratua, Bilbon eta Euskadin hizkuntzea eta tradizinoak sustatzen dituan ekimenetan parte hartu dau.
Farolinen eta Zarambolasen atxiloketea, epaiketea eta eskarnio publikoa
Urtero lez, Farolinean eta Zarambolasen epaiketea barikuan egingo da, zezeilaren 28an. Atxiloketea 18:15ean izango da, Arriaga plazan. Handik, 19:00retan, Plaza Barriko karpara eroango ditue personaiak epaitzera. Horren ostean, personaia bien eskarnio publikoa egingo da, aratusteetako koplatxoen doinuakaz batera.
Farolinen eta Zarambolasen epaiketea 1984an sortu zan jai-ekimen baten ekitaldi nagusia da. Horren helburua da Bilboko Aratusteetan inauteri tradizional eta landatarren elementu adierazgarrienetako bat ezartzea, urtero gaiztoak kondenau egiten baitziran. Gure urian, gaiari kutsu txirenea emotea erabagi zan, ona-gaiztoa ekuazinoa ebitau eta tonu umoretsuan sari baten alde eginez, bilbotarren nortasun arketipikoaren dualtasunaz burletako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!