Badator Emakumeen Esku-pelotako VII. Bizkaia Torneoa

Bizkaie! 2025-02-19 11:09   Kirola

Finala martiaren 14an jokatuko da arratsaldeko 19:00retan, Bizkaia Frontoian.

Emakumeen Esku-pelotako VII. Torneoa, Bizkaia Frontoiak atondutakoa eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestua, datorren barikuan hasiko da, 19:00retan, Bizkaia Frontoian. Lehenengo, Aldaik eta Pérezek jokatuko dabe Etxegarai eta Capellánen kontra eta hurrengo partiduan Uriarte eta Erasun Ibarrola eta Mendizabalen contra.

Emakumeen kirola sustatzea Bizkaiko Foru Aldundiaren lehentasunetako bat da, kirolaren esparruan aukera-bardintasunagaz dauen konpromisoa sendotzen baitau. Alde horretatik, txapelketearen aurkezpenean, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kiroleko diputadu Leixuri Arrizabalagak kirol-modalidade guztietan emakumeen presentzia bultzatzeko Aldundiaren konpromisoa nabarmendu eban, baita lan horreek profesionalizetako eta emakumeen presentzia zuzendaritza-postuetan sustatzeko konpromisoa be. Gainera, Arrizabalagak kirolariek euren amesak beteteko egiten daben lana goraipatu eta etorkizuneko kirolarientzat eredu eta erreferente bihurtzea eskertu eutsen.

Txapelketan ondoko lau bikote honeek jokatuko dabe: Aldai eta Pérez; Etxegarai eta Capellán; Uriarte eta Erasun, eta Ibarrola eta Mendizabal.

Torneoak fase bi izango ditu: lehenengoa Ligea (zezeilaren 21ean, 28an eta martiaren 7an) eta bigarrena Finalak (martiaren 14an). Jardunaldi bakotxean partidu bi jokatuko dira, 22 tantora. Partidu bakotxeko bikote irabazleak puntu bat lortuko du, eta galtzaileak, barriz, ez dau punturik batuko. Ligako lehenengo sailkatu biek finala jokatuko dabe.

Zezeilaren 28an, 19:00retan, bigarren jardunaldia egingo da eta martiaren 7an, barriz, hirugarrena, hori be 19:00retan.

Finala martiaren 14an jokatuko dabe arratsaldeko 19:00retan, Bizkaia Frontoian.

Emakumeen Esku-pelotako VII. Bizkaia Torneoa Bizkaia Frontoiaren Facebook bidez jarraitu ahal izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu