Mendia protagonista Leioan

Bizkaie! 2025-02-19 10:23   Kulturea

Zezeilaren 26tik 27ra arte, Mendi Tour Festivalaren film onenak proiektauko ditue.

Mendi Film Festival Nazinoarteko Mendi Zinemaldiagaz eta Leioa Mendi Taldeagaz lankidetzan, Leioako Udalak Mendi Film Festival 2024 jaialdiko film labur eta dokumental onenak proiektauko ditu, baita hainbat hitzaldi, masterclass, berbaldi eta erakusketa be izango dira.

Holan, zezeilaren 26an 19:00retan Mendi Tour Festival 2024 jaialdiaren proiekzino onenak hasiko dira, Janire Etxaberen Haize lerroak, Iciar Casatmitjana eta Garazi Sanchezen Modo avión, Jim Aikmanen Red rock revolution eta Pierre Cadoten Painting the mountains lanekaz. Zezeilaren 27an, Darcy Hennesseyren Jamie eta Eliza Kubarskaren The last expedition proiekzinoakaz jarraituko dau.

Sarrerak 3 euroan dagoz eta egun bietarako bonoa erosteko aukerea egongo da, 5 euroan. Kultur Leioako leihatilan edo www.kulturleioa.com eta www.kutxabank.es webgunetan eta kutxazainetan erosi daitekez. Jatorrizko bersinoan proiektauko dira, baina euskerazko eta gaztelaniazko azpitituluakaz.

Martiaren 3an, barriz, astelehenean, berbaldiak hasiko dira. Lehenengoa Javi Pec goi mendietako erretratuetan espezializautako argazkilariaren eskutik. Ekitaldian masterclassa emongo dau, profesionalak munduko eskalatzaile onenakaz zelan lan egiten dauen eta argazkietan fokuratze onena zelan topetan dauen adierazoteko. Adam Ondra, Alberto Gines, Margo Joan edo Chris Sharma lako eskalatzaileak izan dira Pecen lanetan.

Martiaren 4an, martitzenean, Ekipetako artea hitzaldiaren txandea izango da. Berton, Begirada bat atzera, ekipetako artea film laburra emongo dabe eta, ondoren, galderen txandea izango da. Film laburreko protagonistek, Alfonso García zuzendariakaz batera, eskalada-bideak hasieratik zelan, noiz eta zegaz ekipetan diran erakutsiko dabe.

Hurrengo egunean, martiaren 5ean, eguaztenean, Pou anaiek hitzaldia emongo dabe Izotza eta arroka mendikate zurian. Ekitaldian, Iker eta Eneko Pouk 6.164 metroko Ranrapalcaren ipar-mendebaldeko aldea eskaletako erronkeari zelan aurre egiten deutsen eta Peruko kultureagaz eta Mendikate Zuriko jenteagaz  jarduten daben kontauko dabe.

Hiru ekitaldi horreek Kultur Leioako udalbatza-aretoan egingo dira, 19:00retan. Sartzea doban izango da lekua bete arte.

Leioako Mendi Astea martiaren 6an amaituko da, eguenean, Sakoneta Kiroldegian egingo dan XIII Climbing Girl Party jaialdiagaz, izen-emotea doban da.

Ganera, zezeilaren 21etik martiaren 16ra arte, Induseneko ibaibideak, Himalaiatik Karatxira Pakistanen begirada soziala eta CVCEPHOTO 2024 erakusketak ikusi ahal izango dira Kultur Leioako Aretoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu