Badator XI. Loraldia Festibala
2025-02-18 13:52 KultureaBilbon, martiaren 10etik 30era arte.

XI. Loraldia Festibala martiaren 10etik 30era izango da. Bilboko kultur-espazio nagusiek diziplina artistiko guztietako proposamenak eskainiko ditue, euskeraz sortzen dan kulturearen barrikuntza eta ikusgarritasuna sustatzeko. Ehun sortzaile baino gehiagok hartuko dabe parte festibalean.
Arriagako Antzokian egindako prentsaurrean, ondoko honeek parte hartu dabe: Eider Inunciaga Serna, Bilboko Udaleko Euskera Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako Saileko zinegotzi ordezkaria; Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol saileko foru diputadua; Ana Lopez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria; Imanol Agirre, Loraldiako programazino artistikoaren arduraduna; eta Amaia Ocerin, Loraldiaren komunikazino burua.
Loraldia Festibala euskal kulturearen transmisinoa eta barrikuntzea sustatzeko plataformea da. Aurton, betiko lez, festibalak euskerazko kulturearen balioak azpimarratuko ditu: barrikuntza artistikoa, gizartearen integrazinoa eta ingurumenagazko errespetua. Jaialdiaren helburua da euskal kulturearen ikusgarritasuna areagotzea eta publiko ugari eta zabala erakartzea. Loraldia Festibala erreferente bihurtu da kultura garaikidearen esparruan.
Aurtongo festibalaren lemak, Trikua esnatu da, Bernardo Atxagaren metaforaen dau sustraia. Atxagak trikua gure hizkuntzearen eta kulturearen bezela erabili eban: zaurgarria, txikia, baina historia luzea dauena eta bere arantzekaz babestua.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapeneko zuzendari Ana Lopezek aitatu dauenez, Loradia Festibalak euskal talentu sortzaileei ikusgarritasuna emoteko, lankidetzaen ibiltzeko eta herri nortasunari eta komunidade sentipenari ekarpena egiteko balio dau.
Leixuri Arrizabalagak, Euskerea, Kulturea eta Kirol saileko foru diputaduak adierazo dauenez, herritartasuna, lurraldetasuna, euskerea, sorkuntzea eta talentua batzen dituan proposamen indartsua da Loraldia. Aberasten deuskun proposamena, gurea danari balioa emonez. Loraldiak bat egiten dau Bizkaiko Foru Aldundiak euskal kulturea sustatu eta transmitiduteko egin dauen apustuagaz.
Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako Saileko zinegotzi ordezkaria, Eider Inunciagak, barriz, ondokoa esan dau: Loraldia Festibala pilak kargetan deuskun jaialdia da. Era guztietako adierazpen kulturalen eztanda. Bilboko Udala buru-belarri dabil lanean euskerearen normalizazinoaren, bizibarritzearen eta erabilerearen alde, Bilbo ehuneko ehun euskalduna lortzeko. Zorionak Loraldiari, horren parte dalako eta edizio bakotxean jaialdi handi hau posible egiten dogun persona, kolektibo, eragile eta erakunde guztiei.
Loraldia Festibalak arduraz eta maitasunez sustatzen dau euskal kulturea, etorkizunera begira eta belaunaldi barriei euskerearen eta sormenaren balioak transmitiduz.
Programazinoa
Loraldia Festibalak diziplina artistiko ugari hartuko ditu; antzerkia, musikea, zinemea, literaturea, bertsolaritzea, jantzea eta arte garaikidea. Hona hemen ekitaldi nabarmenenak:
- Musikea eta kontzertu bereziak
- Mila esker, Jonan Ordorika. Berton izango dira: Hiru Truku, Anari, Mice, Tapia ta Leturia eta Rafa Rueda (Martiak 12, Arriaga Antzokian).
- Xiberoa kantuz loraturik. Loraldiaren produkzino propioa, Zuberoako kantu tradizinonalaren eta garaikidetasunaren arteko loturea esploretan dauena. Ikusletegia ekintzaren barruan izango da dokumentalaren proiekzinoa.
- Sukramarkus. Musergok (Maite Arroitajauregi) egindako ikuskizuna.
- Pause. Xabi Zeberio, Iñar Sastre, Eñaut Zubizarreta eta Aitor Etxebarriaren lan intimista eta sakona.
- Idoia Tapia eta Bloñ. Idoia Tapiak, Skabidean taldeko abeslari ohiak, haren lehen performancea aurkeztuko dau: After Nation.
- Judit Neddermannek kontzertua eskainiko dau martiaren 23an. Berton izango dira be, Izaro, Olatz Salvador, Maren, Idoia eta Bea Asurmendi.
- Odola Kantari. Literaturea eta musikea buztartzen ditu, heriotzeari eta odolari buruz. Halanda ze, Unai Elorriaga idazleak eta Josu Aurrekoetxea musikariak hitzaldi-musikatu formatua eskainiko dabe.
- Lurretik Lurrera. Kontzertuak XVI. eta XVII. mendeetako euskal arrantzaleen eta Mik'mak herriaren arteko hartu-emon historikoak islatzen ditu. Mixel Etxekopar, Claudine Arhancet eta Darlene Gihuminag izango dira musikariak.
- Bobn Dylan Gurea. Audience eta Belharra taldeek Bob Dylanen kantuen euskerazko bersinoak eskainiko ditue.
- Bozak. Esanezin, Esti Markez eta Maite Ruiz de Erentzu gazteek euren ahots eta estilo bereziagaz agertuko dira oholtzara.
- Gorka Urbizu. Berri Txarrak taldeko abeslari eta sortzaile ohiak bere bakarkako proiektua aurkeztuko dau.
- Teatroa eta performanceak
- Renata. Kamikaz Kolektiboak bizitzearen eta heriotzearen inguruko istorioa eskainiko dau. Aktoreak ondoko honeek dira: Erika Olaizola, Iraia Elias, Amancay Gaztañaga eta Xanti Agirrezabala.
- Atxine. Janire Etxaberen jantza bertikaleko performance ikusgarria.
- Kristalezko zooa. Arriaga Antzokiaren produkzino propioa. XX. mendeko Estadu Batuetako teatro lan klasiko bat euskerara ekarri dau; Tennessee Williamsen El zoo de cristal antzezlana hain zuzen be. Obrea, Natalia Menenedezek zuzendu dau.
- Aztia. Don Inorrez eta Metrokoadrokaren arteko alkarlana. Kontzertu dramatizatua, musikea, antzerkia eta jantzearen arteko alkarrizketea.
- Literaturea eta bertsolaritzea
- Post_Etorkizuna. Urtero lez, Loraldiak idazle bati eskatzen deutso geroari buruzko testu bat idazteko. Aurton, Edorta Jimenez izango da arduraduna.
- Consonni bertso-saio espekulatiboak. Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Miren Amuriza izango dira protagonistak. Bertsolaritzea eta literaturea buztartuko dabe.
- Iñigo Martinez Peñak Ezinezkoaren alde lana aurkeztuko dau (martiak 17). Horren ondoan, Jone Ojea eta Joseba Sarrionandia izango dira.
- Amancay Gaztañaga antzerkigile eta idazleak Martin Martina trilogia aurkeztuko dau.
- Zinemea eta ikus-entzunezkoak
- Zizindurrunkarratz. Oskar Alegriaren azken lanak, isiltasun eta akorduen mundura eroango ditu ikusleak.
Kulturgune nagusiak
Urtero lez, festibala Bilboko espazio enblematikoetan izango da: Arriaga Antzokia, Guggenheim Bilbao Museoa, Euskalduna Jauregia, Campos Antzokia eta beste hainbat lekutan. Hori bai, aurton espazio barrietara helduko da, esaterako, Bilboko Sociedad Filarmónicara.
Ikuskizun guztietarako sarrerak eskuragarri dagoz hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!