Amaia Zubiriak jasoko dau Monzon-Ganuza saria
2025-02-18 08:33 KultureaSari-banaketa ekitaldia martiaren 27an izango da, Bergarako Seminarixoan.

Olaso Dorrea Fundazinoak eta Bergarako Udalak iragarri dabe Monzon-Ganuza 2025 sariaren irabazlea. Halanda ze, aurtongo sariduna Amaia Zubiria musikaria da, euskal kultureari eta musikagintzeari egindako ekarpenagaitik.
Telesforo Monzonen heriotzearen 40. urteurrenaren testuinguruan, Monzon-Ganuza sariak Euskal Herriaren kultureari, hizkuntzeari, historiari eta etorkizunari bizitza osoan zehar ekarpena egin deutsen personak autortu nahi ditu. Aurreko edizinoetan Libe Goñi, Xabier Amuriza, Jose Luis Elkoro, Mari Karmen Ayastuy eta Jose Mari Esparza izan dira sarituak.
Amaia Zubiria euskal musikearen historian ezinbestekoa da. Haren ahots gardena eta interpretazino sentikorra ezagunak dira. Haizea taldeagaz hasi eta bakarkako ibilbidean euskal musika tradizionala barritu dau. Herri kantak, jazza, poesia eta zinema musika buztartuz, hainbat belaunaldiren erreferente bihurtu da. Ganera, emakume kantarien ahotsa lehen lerrora eroanez, euskal musikea eraldatu eta aberastu dau. Haren ibilbidean zehar, hainbat musikarigaz lankidetzan ibili da eta hainbat disko argitarau ditu, euskal musikan mugarri bihurtu diranak.
Zubiriak poesiaren indarra azpimarratu dau beti, hainbat euskal idazleren berbak musikau eta interpretau ditu. Halaber, zinemarako egindako ekarpenak be nabarmenak dira, hainbat film eta dokumentaletarako soinu-banda eta musikea sortuz.
Monzon-Ganuza sariaren bidez, Zubiriaren lanari autortzea egiten jako. Haren berbetan, gaur be ez zan izango gatxa utopia batzuen atzetik joatea, eta idea horrek jarraitzen dau bere ibilbide artistiko eta personalean. Sorkuntzan beti barrikuntzea topau dauen artistatzat jo daiteke, musika-estilo ugari buztartuz eta tradizinoari begirada barritzailea eskainiz.
Olaso Dorrea Fundazinoko buru Irati Jimenezek eta Bergarako alkate Gorka Artolak adierazo dabe Amaia Zubiriaren ibilbidea euskal kulturarako aberasgarria dala. Olaso Dorrea Fundazinoaren lanak zentzurik badau gure arbasoen artean kolosoak doguzalako da. Horreen bidea jarraitzea edo hobeto esanda, egin eben lanari jarraipena emotea da gure helburua. Baina sari horregaz urtero geure buruari beste zeozer be gogorarazoten deutsagu, baita Euskal Herriari be: herri kolosal batean bizi garala, maite daben kulturearen, hizkuntzearen eta herriaren alde lan egiten dabenak, bizitza osoan zehar, adierazo dau Jimenezek.
Bestalde, Gorka Artolak gehitu dauenez, Euskal Herriaren historian ezinbesteko figurea da, haren ahots gardena eta sentikortasun handiko interpretazinoari esker. Euskal musikearen esparrua eraldatu eta aberastu dau, emakume kantari baten ahotsa lehen lerrora eroanez eta doinu tradizinonalak barrituz. Haren bizitzea eta ibilbidea euskal kulturearen eta musikearen aldeko konpromiso sakon baten adibide dira. Saria ez ezik, gure esker ona eta miresmena be adierazo nahi deutsagu.
Sari-banaketa ekitaldia martiaren 27an izango da, 18:30ean, Bergarako Seminarixoa Aretoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!