Emakundek emakumeen ondare historiko eta artistikoa babesteko gidea argitaratu dau

Bizkaie! 2025-02-17 07:55   Kulturea

Emakumeen inplikazinoa ikusezin bihurtu daben jazoera eta irudi historikoen adibideak dakarz.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Lexuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak Memoria historikoa genero-ikuspegiagaz gidea aurkeztu dabe Bilbon, Isabel Mellén eta Virginia López de Maturana historialariakaz batera. Gidearen helburua da emakumeak kontakizun historikoan txertatzea eta euren bizipenei eta esperientziei balioa emotea, itxi daben ondarea babestu, azaleratu eta hareen desagerpenari aurre egiteko.

Emakundeko zuzendariaren eretxiz, argitalpen honek danona izango dan memoria bat eregiten lagundu behar dau, barruratzailea, zorrotza, zientifikoa eta genero-estereotipoetatik urrun dagoan kontakizun historiko baten bidez". Gidaliburuan, kontaketa historikoa androzentrikoa izatea lagundu daben faktoreak aztertzen dira. Honetan, denpora luzez emakumeak ikusezin bihurtu dira eta emakumeek egindako ekarpenen ikuspegi estereotipatua emon da. Esangura horretan, ahaztutako emakume askoren izenak eta istorioak berreskuratzeko beharra azpimarratu dau Miren Elgarrestak, autorpen publikoa merezidu dabelako eta belaunaldi barriek emakumeen erreferenteak behar dituelako bizitzako arlo guztietan.

Gidea landu duten historialari biek nabarmendu dabenez, kontakizun historiko hegemonikoa gizona subjektu bakar modura eratu da gehienbat, eta, beraz, beste persona edo kolektibo batzuek egindako gainerako ekarpenak ez dira nabarmendu.

Holan, deigarriak dira kontakizun historikoan maskulino generikoa erabilteari buruz, edo adierazpen artistiko batzuetan emakumeen egiletzea ezkutatzeko erabili diran estrategiak. Hori guztia, jazoera historikoen eta artelanen adibide ugariren bidez azaltzen dabe gidan.

Lanak genero-estereotiporik bako kontakizun historikoa ikuspegi kritikoari eutsiz, berreregiteko gakoak be emoten ditu. Horretarako, ikertzaileek Amelia Barquín filologoaren ekarpenak be jaso ditue lan honetarako eta memoria historikoan genero-ikuspegia txertatzeko idea eta bestelakoen dekalogo bat sortu dabe, azterlan, ikerketa eta dibulgazino historikoan inplikautako erakunde, profesional eta gizarte-eragileentzako laguntza eta orientazino lez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu