Bilboko Arte Ederren Museoak Max Ernsten obrea hartuko dau
2025-02-14 09:50 KultureaBagilaren 30era arte, Obra Gonbidatua programearen barruan.
![](https://media.bzkcdn.com/argazkiak/cb/cache/Posado%20MAX%20ERNST_content.jpg)
Bilboko Arte Ederren Museoak Max Ernst artistearen (Brühl, Alemania, 1891-Paris, 1976) 54 laneko erakusketea hartuko dau. Ernst, arte garaikideko persona nabarmenetako bat izan zan, funtsezkoa mobimendu surrealistearen sorreran eta garapenean.
Aurkezpenean ondoko honeek izan dira: Gilermo Zuaznabar, konserbatzaileburua; Leire Jauregibeitia, gerentea; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusia eta Arte Ederren Bilboko Museoa Fundazinoaren presidentea; Borja Baselga, Banco Santander Fundazinoaren zuzendari kudeatzailea; Georges Sebbag, Filosofian doktorea eta idazlea; eta, Miriam Alzuri, Arte Moderno eta Garaikidearen Konserbatzailea.
Gordailua da, halanda ze, bost urtez, 14 margolan, 6 marrazki eta Histoire naturelle karpeta ospetsua osotzen daben 34 fototipoak izango dira erakusketan. 1957ko frottage bat izan ezik, guztiak 1922 eta 1928 artean egin zituan. XX. mendeko artearen garapenerako funtsezkotzat joten diran barrikuntza teoriko, tekniko eta sortzaileak dira.
Moltso horretako artelan gehienek, 14 olio-pinturak, lau marrazki eta frottage bi, erakusketarako aldi baterako maileguan emon diran eskultura bat eta hainbat agiriek osotzen dabe Obra Gonbidatua programearen edizino hau. Museoko Arte Moderno eta Garaikidearen konserbatzaile Miriam Alzuri Milanesek proponidu dau erakusketearen ibilbidea, Ernsten sormenaren originaltasuna azpimarratzeko.
Obrak Londresen egozan espainiar jatorriko bilduma partikular batetik datoz, izan be, oinordetzan jaso eban gaur egungo jaubeak, Aram Mouradian galerista ingeles ospetsuak (Southport, Erresuma Batua, 1892-Paris, 1974) birlobeak, hain zuzen be. Galeristeak zuzenean erosi eutsozan obrak artisteari eta beste batzuei, beretzat konserbetako asmoz. Beraz, horrek agirian jarten dau obrearen interesa.
Artisteari erositako lanen artean, ondoko honeek dagoz: La Belle jardinière (c. 1921- 1922); Deux enfants dans une chambre percée (1923); L’Ombre (1923); Deux jeunes filles en de belles poses (1924); Cage et oiseaux (1924); Les Mains aux oiseaux (1925); Jeunes gens piétinant leur mère (1927); Petit monument aux oiseaux (1927); Forêt et soleil bleu (1927); Forêts-arêtes (1927); eta, Fleurs-écailles (1928).
Beste batzuei erositakoen artean, barriz, honeek: Danseur sous le ciel (Le Noctambule) (c. 1922), L’Éloge de la folie (1924) eta Les Éclairs au-dessous de quatorze ans (1925).
Ernstek protagonismo handia izan eban surrealismoan, sekulako errastua itxiz Espainiako artean. Holan, obrea aldizkari espezializatuetan zabalteaz gan, hainbat erakusketetan parte hartu eban, esaterako: Tenerifeko Ateneoan (1935) eta Madrilgo Arte Modernoko Museoan (1936), bertoko zuzendari eta bilbotar arte kritikari Juan de la Encinaren ekimenez. Halanda be, haren lanak presentzia gitxi dauka Espainiako bilduma publikoetan: obra bi dagoz Sofia Erreginaren Arte Zentroaren Museo Nazinonalean eta lau Thyssen-Bornemisza Museo Nazinonalean.
Max Ernst (Brühl, Alemania, 1891-Paris, 1976)
Margolaria, eskultorea, collagean eta obra grafikoen munduan eregin handiko hainbat lanen egilea izan zan Max Ernst.
Artea, filosofia, literaturea eta psikiatria ikasi zituan Bonneko Unibersidadean. XX. mendeko lehen hamarkadean hasi eban ibilbide artistikoa, espresinonismoaren eta kubismoaren hizkuntzan interesa ebalako. Lehen Mundu Gerran burrukan ibili ostean, Koloniako talde dadaistakaz alkartu zan eta Berlingo, Zuricheko eta Parisko taldeekaz hartu-emonak izan zituan; lehen collage eta fotomuntaketak eginez.
1922an Parisera joan zan biziten eta hor mobimendu surrealisteari esker, sormenezko irudimena eta teknika barriak landu zituan, ondoko teknika honeek landuz: frottage, grattage eta dekalkomania (Oscar Domingues espainiar margolariak 1935an asmauta).
1938an talde surrealistea baztertu eta Avignon iparraldeko Saint-Martin d’Ardèche herrira joan zan, Mexikon nazinonalizautako Leonora Carrington margolari surrealista ingelesagaz. Hiru urte aurrerago, Bigarren Mundu Gerran, Estadu Batuetara joan zan biziten eta Peggy Guggenheim newyorktar bildumagile eta mezenasagaz ezkondu zan. Horren ostean, hainbat urtez Arizonan bizi izan zan, Dorothea Tanning estadubatuar artista surrealisteagaz. 1953an Parisera bueltau zan, nazinoarteko ospea lortuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!