BBK Salak 2025erako arte eszenikoen programazinoa aurkeztu dau
2025-02-12 09:13 KultureaZezeilaren 22an, Amores-Maitasunak, Adriana Bilbaoren sorkuntzea izango da lehenengoa.
![](https://media.bzkcdn.com/argazkiak/ls/cache/ibaiarmentia0_content.jpg)
Oraina ereiten da Bilboko BBK Salak hasi barri dan 2025 honetarako arte eszenikoen programazinoa aurkezteko erabilten dauen asmoen adierazpena. Horregaz, aurreko urteetan markautako arrastoari jarraitzen jako, izakera sozialeko bokazinoa eta kalidadeko ikuskizunen hautaketea bateratuz. Gai sozialak eta emakumea erdigunean egongo dira barriro eta proposamen gehienak emakumeek idatzi eta/edo zuzenduko ditue. Horixe da aurten programautako lau euskal muntaien kasua, ardatzetako bat tokiko sorkuntzearen aldeko jarrerea.
Adriana Bilbao koreografo eta flamenko jantzari bizkaitarrak ekingo deutso denporaldiari zezeilaren 22an, Amores-Maitasunak obreagaz (orain hiru urte bere aititari, Zarra futbolari mitikoari, eskainitako izen bereko pieza ederraren ondoren dator). Jantza hirukote honetan (Bilbao bera), ahotsa (Beñat Achiary) eta gitarra flamenko eta elektrikoa (Raúl Corredor), euskeraz, gaztelaniaz eta frantsesez jantzan egindako poema eta abestien suite bat aurkezten da, beti be maitasuna ardatz hartuta, sortzailearen eretxiz. Sarrerak salgai dagoz (12 €azken prezioan) salabbk.bbk.eus webgunean eta leihatilan.
BBK Salak arte eszenikoakaz izango dauen hurrengo hitzorduan, martian, Rakel Rodríguez Ruiz diziplina anitzeko sortzaile andaluziarra izango da arduraduna, eta Bilboko Kale Nagusiko espazioaren eta Pabellón 6ren arteko lehen lankidetzea izango da (Cinco golondrinas, laster xehetasun gehiago).
Ondoren, María Goiricelaya antzerkigile eta zuzendaria etorriko da, La Dramática Errante bere konpainiaren nazinoarteko lehen produkzinoagaz Filtro da bilbotarrak Uruguain idatzi, zuzendu eta estreinautako lana, 1994an Montevideon ETAko kide izateaz akusautako euskal herritarren estradizinoak gogor zapaldutako gizarte-mobilizazino masiboa eragin ebanean jazotakoei buruzkoa. Martiaren 29an ikusi ahal izango da lehen aldiz Bilbon.
Maiatzaren 4an, Anita Maravillasen (Miren Larrea bizkaitarraren eta Valentina Raposo txiletarraren euskal konpainia) Andereño lanaren txandea izango da, Iván Alonso zuzendari dabela: libre izaten erakutsi euskuen maistra ausartei egindako omenaldia da, familiartekoei zuzendua, euskeraz eta 5 euroan.
Andrea Jiménezen Casting Lear lan berezia be programau da, azkenean Bilbon maiatzaren 31n estreinauko dana; egile, zuzendari eta aktore madrildarrak protagonismoa konpartiduten dau gauero ikuskizunari buruz ezer ez dakian aktore barri bategaz, eszenan agertzen dan arte. Estadu osoan zehar antzokiak bete dituan ezohiko muntaia honetan 70 interpretek baino gehiagok parte hartu dabe: Alberto San Juan, Andrés Lima, Patxo Telleria, Ramón Ibarra... Madrilgo La Abadía antzokiak eta Sergio Peris-Menchetak zuzendutako Barco Pirata etxeak produzidu dabe obrea.
Udagoienean helduko dira Pequeño cúmulo de abismos (Cris Blanco; urriak 24) eta Enciclopedia del dolor: Tomo 1: Esto que no salga de aquí (Pablo Fidalgo; zemendiak 7). Aitatutako ikuskizun guztietarako sarrerak salgai dagoz dagoeneko, (Andereño, 5 euroan) 12 euroan, BBK Salak publiko guztientzat kultura irisgarria egiteko dauen bokazioak bere prezio-estrategia ezarriz.
2021tik ohikoa danez, arte eszenikoak erakusteaz gan, BBK Salak bere ikuskizunak be estreinauko ditu aurten. Bere lehen sei produkzino propioen ondoren (azken lau urteetan estreinau dira, eta horreen artean dago Yerma, María Goiricelayak Max 2023 Saria jaso eban obra horri esker, antzerkirako egokitzapen edo bersino onenarena), 2025ean hiru produkzino edo koprodukzino aurkeztuko dira. Lehen aitatutako Pabellón 6 Aretoagaz lankidetzaz egindakoaz gan, Aste Nagusian, urtero bezela, jaietarako propio pentsautako proposamen bat helduko da.
Udagoienean, R&J estreinauko da, PACT by BBKn ernamuina dauen antzezlan bat, gaztelaniaz nahiz euskeraz. Nerabeakaz landutako proiektua. Horreen guztien barri sakonago emongo da laster.
Azkenik, BBK Salan, dramaturgia barriak publikoak gozetakoak eta prestakuntzatzat be hartu daitez.
Beste alde batetik, aurten ere hainbat ikastaro eskainiko dira, Noemí Rodríguez galiziarrak urrian Haz lo tuyo izenburupean emongo dauena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!