Nadia Erostarbe surflaria etxean dago WCT Munduko zirkuituan debuta egin ondoren
2025-02-12 08:12 KirolaZarauztarrak bederatzigarren amaitu dau Hawaiiko Lexus Pipe Pro txapelketan.
![](https://media.bzkcdn.com/argazkiak/Dl/cache/nadiadon_content.jpg)
Bart harrerea egin deutse Donostian Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Gorka Iturriaga Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Team Fundazinoko koordinatzaileak. Gipuzkoako uriburuko Aquariumeko Auditorioan egindako prentsaurrekoan Euskal Federazinoen Batasuneko kideak, Guillermo Gutiérrez bere teknikaria, lankide eta surflariak eta komunikabide ugari be izan dira.
Basque Teameko kirolaria pozarren agertu da bere ibilbide bikainean beste pauso bat emon ondoren, Banzain (Oahu, Hawai) jokatutako Lexus Pipe Pro mitiko eta zorrotzean estreinakoa izan baitau. 2025ean World Championship Tour (WCT) munduko surfaren kategoria gorenean egindako lehen ekitaldia izan da eta, beraz, estadu espainiarrean surfaren zirkuiturik ospetsuenean debuta egin dauen lehen emakumea da Nadia, eta bigarren euskal surflaria, estaduan Aritz Aranburu Basque Teameko kirolaria baino ez dalako heldu maila horretara.
Nadia Erostarbek aurreko urtean egindako denporaldi bikaina ez zan ezustean pasau World Surf Leaguean (WSL), eta maila pribatuko surfaren erakunde gorenak aurtengo lehen hitzordu handian parte hartzeko konbita egin eutson. Nadia 2024an postu bakarrera geratu zan CTra igoteko burrukan, Challenger Serieetako zerrendako seigarren surflaria izan baitzan, horregaitik aukeratu eben Hawaiin baja izan dan Johanne Defay ordezkatzeko.
Lexus Pipe Pro txapelketan, Nadiak debut bikaina egin dau. Zarauzko surflariak bigarren postuan amaitu dauelako hasierako txandan, final-zortzirenetan toki bat bermatuz. Bere saioa amaitzeko minutu bi baino falta ez ziranean, Nadiak aukerea aprobetxau dau bere bigarren olatuan jantzan egiteko eta bere backside surfing zenbait maniobragaz erakusteko. Caroline Marksek (AEB) 11.83ko markea lortu eban, Nadia Erostarbek (EUK) 7.17koa eta Bella Kenworthyk (AEB) 6.67koa.
Egun batzuetako geldialdiaren ondoren, Nadia barriro be Caroline Marks estadubatuarragaz neurtu behar izan zituen indarrak final-zortzirenetan, 2023an Munduko txapeldun izandakoarekin. 40 minutuko txanda batean, olatu gutxirekin eta korronte handiarekin, ezin izan zen luzitu.
Lehenengo 25 minutuetan kirolari bietako batek be ezin izan eban ia ezer egin. Azken ordu laurenean Marksen eskuin biek garaipena emon eutsen. Nadia urduri egoan eta ez eban lortu holako aurkari bati irabazteko behar zituen olatuak.
Nadiak bederatzigarren amaitu zuen CTko urteko lehen proba handian, eta garrantzitsuagoa dena, beste urrats erraldoi bat eman zuen bere ibilbide bikainean. Gogoratu behar da zarauztarra izan zala estadu mailan Joko batzuetarako sailkapena lortu dauen lehen surflaria, 2021eko Tokioko programa olinpikoan surfa sartu zanetik. Puerto Ricon Munduko Txapelketa ederra eginez irabazi eban txartela, 2024an, finalera helduz eta merezimenduzko laugarren postuagaz amaituz.
Gaztea izan arren, Nadia Erostarbek sei World Surfing Game (ISAk atondutako Munduko Txapelketa) jokatu ditu eta Challenger Serieetako zirkuitu pribatuan izarretako bat da, CTtik gertuen dagoan zirkuituan, lehiari jagokonez. Nabarmentzekoak dira Sydney Surf Pro presented by Bonsoy eta Lexus US Open of Surfing presented by Pacifico txapelketetan lortutako hirugarren bi postuak eta igaz Bonsoy Gold Coast Pro presented by GWM eta Ballito Pro txapelketetan lortutako bosgarren postuak.
Orain Nadiak beste pauso bat emon dau Munduko 18 surflari onenen zirkuituan lehen aldiz lehiatuta. Edozelan be, bihar-etzi, surfean hain zentrauta ez dagoanean, ikasketei barriro ekitea da bere asmoa, bere buruan, hobby lez surfeetan jarraitzeaz gan, nutrizinoa ikastea be badauelako helburu.
Ibone Bengoetxeak, lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, hiru idea nabarmendu ditu: Lehena, alkarlanaren garrantzia, erakunde eta kirolarien artean: Erakundeen laguntza ezinbestekoa da goi-mailako kirolarien ibilbidean. Erakundeok gertu egon behar dogu bide hori errazteko eta hazten laguntzeko. Eta alkarlana da horren guztiaren gakoa. Bigarrenez, kirola baloreen eta nortasunaren transmisinorako tresna parebakoa dala azpimarratu dau: Euskadi barria eregiten gabiz, kirolaren baloreetan oinarritutako komunidade indartsu bat. Eta, Euskadi barri horretan, erreferenteak behar ditugu, eta gu, erakundeok, erreferente horreekaz egongo gara konpartidutako etorkizun hori alkarregaz eregiteko. Azkenik, lehendakariordeak nabarmendu dau surfa sano garrantsitsua dala Euskadi Globala estrategian: gure herriaren nazinoartekotzean eta ofizialtasunean, surfa elementu garrantzitsua da berezko izakera, nortasuna eta historia boteretsua baitau Euskadin, gure herriaren ikur izateko kanpoan. Horregaitik, azken ziklo olinpiko bietan ia miloe bat euro bideratu dira surflarien bekatarako eta surfaren proiektuetarako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!