Silver Film Festival' zinemaldiak Silver Saria emongo deutso Helena Taberna zinemagileari
2025-02-11 10:07 ZinemeaHirugarren edizinoa Bilbon egingo da belaunaldien arteko programazinoa ardatz hartuta.
![](https://media.bzkcdn.com/argazkiak/hD/cache/tabernasari_content.png)
EITBren babesari esker emondako sariak emakume baten ibilbidea eta espiritua autortzen ditu, izan be, emakume horren lanak kontetan diran gizarte-izakerako istorioak ikusarazoteko etenik bako bilaketea islatzen dau, batez be terrorismoagaz, memoria historikoagaz, errefuxiatuen egoereagaz edo emakumeen eskubideakaz lotutakoak.
Produktore, zuzendari eta gidoilari egindako lanak nabarmen lagundu dau zinema-industrian beste emakume batzuentzat bidea edegiten eta adibide ona da esateko edadea ez dala aurrera egiteko trabea.
Horregaitik, Silver Film Festival (S/FF) martiaren 24tik 28ra egingo da Bilbon, eta astelehenean, hilak 24, emongo jako saria, aurten Bilboko Arriaga Antzokian egingo dan Inagurazino Galan.
Nafarroako zuzendariak presentzia bikotxa izango dau jaialdian: Silver Saria jasoteaz gan, Nosotros proiektu barria aurkeztuko dau martiaren 27an Golem Alhondiga zinema-aretoetan, publikoagaz barriketan ibili ondoren. Aitatu filma zezeilaren 28an estreinauko da eta Isaac Rosaren Final feliz eleberrian oinarritutako maitasun istorio bat berreregiten dau.
Silver Film Festival (S/FF)
Zinema eta pentsamendu jaialdia da eta aurten gizarteak edade guztietarako izan behar dirala zehaztu dabe atontzaileek. Horregaitik, belaunaldien arteko hartu-emonen alde egiten dau hirugarren edizino honetan eta edaderik ez dauen gizarte bat zelakoa izan daitekeen irudikatzeko konbita egiten deusku.
Tu & Yo Producciones, Fundación EDE eta Silver Revolution Elkarte Kulturala alkarteek atondutako jaialdiak Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, BBK Fundazinoaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Zineskadiren babesari esker egiten da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!