InDubio euskal madrildar konpainia gazteak 'Epaiketa arrotzari' estreinauko dau

Bizkaie! 2025-02-10 07:30   Kulturea

Taldearen euskarazko lehen lana da.



Epaiketa arrotzari

InDubio euskal madrildar konpainia gazteak produkzino barria aurkeztuko dau: Juicio al extranjero lanaren euskerazko bersinoa. Haregaz egin eben debuta 2021ean, eta orain, Epaiketa arrotzari izenburupean, erabateko estreinaldia Donostiako Victoria Eugenian izango dau (zezeilak 13 eta 14). Ondoren, Getxoko Muxikebarrin be ikusi ahal izango da (zezeilaren 28an) eta birea hasiko dau Euskadin zehar. Silvia Larrauri, Luix Mitxelena eta Ziggy Docherty antzezleek hartuko dabe lekukoa orain euskeraz, eta, Mersol jaunari (Albert Camusen Atzerria eleberriko protagonistea) epaiketea kontau baino gehiago, antzezpenaren barri emongo deutse publikoari, izan be, InDubiok antzerki interaktibotzat hartzen ditu bere obrak, eta kontzeptu horrek epaile, fiskal, defensa, akusatu zein bestelakoen zeregina emoten deutse entzuleei.

Iñigo Santacana gipuzkoarrak (InDubioren sortzaileetako bat, Luis Maesso madrildarraga eta Manuel Pico argentinarragaz batera) idatzi eta zuzendutako lan honen antzezpen bakotxean, ikusleek izango dabe epaia erabagiteko ardurea. Antzokia ikusgela bihurtuko da (hiru edo lau bandatako ikusleakaz) eta parte hartu nahi dauenak test bat bete eta rol bat jasoko dau (lehen aitatutakoak eta, gainera, herri-epaimahaia, lekukoak...). Holan, epaia funtzino bakotxean ez eze, judizioaren garapen osoan be ezberdina izango da. Begiratzea baino nahiago ez dauenak lasai asko egin ahal izango dau, hasieran banatuko diran txartel horreekaz identifikauta.

InDubio antzezlanean, publikoak istorioa baldintzatzen daben erabakiak hartzen dituan antzerki baten alde egiten dogu, antzerki parte-hartzaile eta erritmo bizikoa, ikusleak bere besaulkian begiratzera sentidutea nahi ez dauena, laburbatzen dabee konpainiaren hiru sortzaile trebiñarrek: holan entzuleria ahaldundu eta entreteniu egiten da. Kontua ez da lanak tesi bat erakustea, jentaurrean hausnarketa kolektibo bat egitea baino, adierazo dabe. Donostiako Epaiketa arrotzari obrarako sarrerak salgai dagoz (13,50 €-tik 15 €-ra + gastuak) donostiakultura.eus-en eta Getxokoetarako (8 €+ gastuak), getxo-kultura.eus webgunean eta antzoki bietako leihatiletan.

Juicio al extranjero obreak, jatorrizkoa gaztelaniaz, 60 antzezpen baino gehiago egin ditu Estadu osoan zehar, Corral de comedias de Alcalá de Henares, Centro Niemeyer (Avilés) edo Bilboko Berreginen Museoa lako espazio ikonikoetan egindako antzezpenak be. Eta, lau urteren ondoren, hara eta hona dabiz: datorren martian (4, 5 eta 6) Torrelavegan (Kantabria) izango da eta maiatzaren 2an, Almendralejon (Badajoz). Gainera, InDubiok beste ikuskizun parte-hartzaile bat estreinau eban 2024an: Una crónica de violencia. Joan dan udan Madrilgo Mirador Aretoan egon ondoren, Sevillan, Tenerifeko Santa Cruzen edo Bilbon izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu