Eusko Jaurlaritzeak % 50 handitu dau euskal artisten obrak erosteko finantziazinoa
2025-02-06 13:43 Kulturea2020tik 97 artistaren 172 lan eskuratu ditu Euskadik.
Eusko Jaurlaritzeak % 50 handituko dau jardunean dagozan artisten lanak erosteko finantziazinoa. Holan ziurtatu dau Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Artium Museoan, Bilduma Partekatuaren proiektuaren esparruan 2024an egindako artelanen erosketei buruz egindako aurkezpenean. Lehendakariordearen esanetan, igoera hori kulturearen, gure artisten autortzearen, gure kultura-ondarea ezagutarazotearen eta hainbat eragileren arteko lankidetzearen aldeko jarrera argi eta zintzoaren ondorio da.
Partekatutako Bildumea 2020an sortu zan Eusko Jaurlaritzearen eskutik, ondoko erakundeakaz lankidetzan: Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Artium Museoa, Arte Ederren Bilboko Museoa eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroa.
Lehendakariordeagaz batera, aurkezpenean parte hartu dabe Arabako diputadu nagusi eta Artium Fundazinoaren Patronatuko presidenteak, Ramiro Gonzalezek; Artium Museoko zuzendariak, Beatriz Herraezek; Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendari Miguel Zugazak; eta Tabakalerako Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroko zuzendari nagusiak, Edurne Ormazabalek. Aurtongo erosketen zerrendako artista ugari be izan dira, esaterako, Jesus Mari Lazkano, Gabriela Muñagorri, Juan Mieg, Natalia Suarez Ortiz de Zarate, Juan Aizpitarte, Darío Urzay y Claudia Rebeca Lorenzo.
Bilduma Partekatuaren proiektua
Bilduma Partekatua sortzeko proiektua, 2020an jarri zan martxan, Covid-19aren pandemiak eragindako osasun-krisiaren testuinguruan.
Artelanen eta artisten aukeraketea ekitaldi bakotxean atontzen da, Arte Ederren Bilboko Museoko, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroko eta Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoko arduradunek parte hartzen daben erosketa-batzordearen lanean oinarrituta. Bilduma Partekatuak arte garaikideko jardunaren eta hizkuntzen arloan lan egiten daben museoen eta zentroen arteko ekintza koordinatua indartzen laguntzen dau.
Erositako lanak zenbait diziplinatako (pinturea, eskulturea, bideoa, marrazkia, collagea edo argazkia) jarduneko artistenak dira. Era berean, edizino honetan egindako erosketetan hainbat belaunaldi eta ibilbidetako artistak hartu dira: 17 artistaren 28 lan, hain zuzen be. 2020. urtetik, guztira, 97 artistaren 172 artelan eskuratu dira.
Lehendakariordeak aurreratu dau datorren edizinorako aurrekontua % 50 handitu dala, 300.000 euroraino hain zuzen be.
2024an Bilduma Partekatuan ondoko artista honeen artelanak sartu dira: Juan Aizpitarte (Donostia, 1974); Ana Laura Aláez (Bilbo, 1964); Itziar Barrio (Bilbo, 1965); June Crespo (Iruñea, 1982); Mikel Díez Alaba (Bilbo, 1947) erositako bi pieza José Ramón Morquillasekin (Barakaldo, 1947-Bilbao, 2023) lankidetzan egin ziren; Jon Gorospe (Gasteiz, 1985); Tom Johnson (Colorado, Ameriketako Estatu Batuak, 1939 - Paris, Frantzia, 2024); Kimia Kamvari (Kolonia, Alemania, 1986); Jesús Mari Lazkano (Bergara, 1960); Abigail Lazkoz (Bilbo, 1972); Claudia Rebeca Lorenzo (Logroño, 1988); Juan Mieg (Gasteiz, 1938); Gabriela Muñagorri (Donostia, 1974); Juan Pérez Agirregoikoa (Donostia, 1963); Alex Reynolds (Bilbo, 1978); Natalia Suárez Ortiz de Zárate (Gasteiz, 1994); eta Darío Urzay (Bilbo, 1958).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!