Musika Bulegoak 10. urteurrena ospatu dau
2025-02-06 08:34 MusikeaHorrezaz gan, alkartearen marka barria aurkeztu da.
![](https://media.bzkcdn.com/argazkiak/Nn/cache/n770_Musika_Bulegoa_10_urte__2__content.jpeg)
Musika Bulegoak haren 10. urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia atondu dau Bilborocken. Berton, musikearen, erakunde publikoen eta sektoreko beste eragile estrategiko batzuen ehun bat profesional izan dira. Ekitaldian zehar, euskal musikearen sektoreak azken hamarkadean izan dauen bilakaerearen errepasoa egin da. Ganera, alkartearen marka barria aurkeztu da.
Maddi Arana Musika Bulegoko presidenteak erakundearen ibilbidea eta konpromisoa azpimarratu ditu: Eusko Jaurlaritzearen kultur politiken barruan lehentasunezko behar bati erantzuteko sortu zan Musika Bulegoa. 10 urte honeetan, hazi eta eboluzinonau egin gara sektoreagaz batera, Euskal Herriko musikearen profesionalizazinoaren, dibersifikazinoaren eta baldintzen hobekuntzearen alde eginez.
Hitzaldian, hamarkada horretan gainditu diran erronkak be nabarmendu ditu, esaterako pandemiaren eragina edo globalizazinoak eta digitalizazinoak ekarri daben eraldaketea: musikearen sektoreak konplejua izaten jarraitzen dau eta musikatik bizitea oraindino erronka bat da. Hori bai, burrukarako eta egokitzeko gaitasun handia daukagu.
Lorpenen artean, ondoko honeek azpimarratu dira: Musika Bulegoa Sariak, izan be, 1.200 parte-hartzaile baino gehiago batu ditu, 70 musika-proiektu baino gehiago autortuz; Basque.Music. ekimena, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailagaz eta Etxepare Euskal Institutuagaz alkarlanean garatua, euskal musikea nazinoarteko merkatuetara eroan dauena; eta erakunde publikoakaz bitartekaritza lana egitea, sektorearen errealidadera egokitutako kultura-politikak sortzeko.
Etorkizunari begira
Iker Durana Musika Bulegoko gerenteak, barriz, erakundearen plan operatibo barria aurkezteko aukerea aprobetxau dau, hurrengo urteko helburuak adierazoten dituana: 10 urte honeek inflexino-puntua izatea gura dogu. Erronkea da sektorean erreferente bezela sendotzea eta presentzia indartzea. Horregaitik, gure balioak eta misinoa hobeto islatzen dituan identidade bisual barri baten alde eginez.
Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak be parte hartu dau: Euskadi eredu izatea nahi dogu kultura-identidadean, gizarte-kohesinoan eta giza-garapenean. Horretarako, garrantzitsua izango da euskaldunon komunidadea sustatzea, gure identidadea indartzea, partekatutako etorkizuna irudikatzea eta eregitea. Hori, alkarlanaren eta lankidetzearen bidez egin gura dogu, baita gure identidadea eta egiteko modu propioak mundura zabalduz be. Musika Bulegoa lako proiektuak guztiz lerrokatuta dagoz horregaz, halanda ze, Jaurlaritzea bidelagun izango da, adierazo dau.
Ekitaldia amaitzeko, Musika Bulegoaren marka barria eta haren lelo barritua aurkeztu dira: Batzen gaituena.
Musika Bulegoa
Musika Bulegoa irabazi-asmorik bako alkarte profesionala da, Euskal Herriko musikearen sektorearen interesen alde lan egiten dauena. 2015ean sortu ebenetik, euskal musikearen sektorearen garapena bultzatzeko helburua partekatzen daben musikari, profesional, erakunde eta entidadeen topagune bihurtu da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!