EGOk perkusino kontzertua eskainiko dau hilaren 14an

Bizkaie! 2025-02-05 13:32   Musikea

Bidaia musikala EGOren perkusino sailaren eskutik izenburupean, BBK Salan.

Erretratua: © Iñigo Ibáñez | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko Gazte Orkestreak (EGO), BBK Fundazinoagaz batera, perkusino-kontzertua eskainiko dau zezeilaren 14an, barikuan, 19:30ean, BBK Salan (Bilbo). Publiko guztiari zuzendutako jarduerea izango da eta EGOko perkusino atala izango da kontzertua protagonista. Bidaia musikala EGOren perkusino sailaren eskutik izenburupean, kontzertu horrek hainbat estilo eta kulturatan zehar soinu-ibilbidea egiteko aukerea emoteaz gan, orkestra sinfoniko baten perkusino instrumentuen aberastasuna eta moldakortasuna ezagutzeko aukerea be eskaintzen dau.

Musikaz disfruteteaz gan, publikoak hurbilagotik ezagutu ahal izango ditu, besteak beste, tanborra, marinba edo tinbalak eta horri esker, instrumentu bakotxak orkestra baten soinu-unibersoari egiten deutson ekarpena zelakoa dan ulertu ahal izango dau. Proposamen oso entretenidua izatea espero dogu, adierazo dabe atontzaileek. Sartzea doban izango da, edukierea bete arte.

Euskal Herriko Gazte Orkestrea, 1997ko garagarrilean sortu eban Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak  musikari gazteei zuzendutako proiektua. Musikari gazteen prestakuntza tresna bihurtzea da proiektuaren idea eta helburu nagusia, jomuga zehatza daben hainbat ekimenen bidez. Egitasmo horreetatik ondokoak nabarmentzen ditue: orkestra prestakuntza egokia eskaintzea, garapen artistikoa eta giza garapena sustatuko dituan egiturea bilakatzea eta ekosistema musikalaren behar barriei erantzungo deutsen plataforma izatea.

Ondoko honeek dira kontzertuko musikariak: Nuria Abril Franch, Aitor Álvarez Romo, Alejandro Carrascoso de la Cruz, Manex Gorostegi Arostegi, Álvaro Paños Beltrá, ⁠Francisco Villanueva Gutierrez eta Aitor Zabala Urrestarazu.

Kontzertuaren egitaraua

  • Steve Reich: Música para piezas de madera.
  • Charpentier: Te Deum.
  • Vivaldi: Concerto grosso en la menor.
  • Händel: Música para los reales fuegos artificiales.
  • Anthony J. Cirone: 4/4 for Four.
  • Hans-Günter Brodmann: Greetings to Hermann.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu