218 saltokik bat egin dabe Elhuyarren 'Zezeilaren 11 erakusleihoak' ekimenagaz
2025-02-05 09:57 KultureaZientzia-emakumeak argira erakusketea zabalduko da zezeilean.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Eguna izango da zezeilaren 11n. Nazino Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu eban 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan deien bultzatzeko eta nesken bokazino zientifikoak sustatzeko.
Egun horretarako, bosgarren urtez, Zezeilaren 11 erakusleihoak ekimena jarri dau martxan Elhuyarrek eta Abanto-Zierbena, Arrasate, Arrigorriaga, Barakaldo, Bilbo, Durango, Elgoibar eta Irurako 218 saltokik hartuko dabe parte, zezeilaren 3tik 11ra.
Establezimendu bakotzak, ikusi parte hartuko dabenen zerrendea hemen, emakume zientzialari bati eskainiko deutso erakusleihoa. Zientzialariagaz lotutako ilustrazinoak eta informazinoa batzen daben horma-irudiak jarriko ditue dendan eta haren ikerketan inspirauta apainduko dabe dendako erakusleihoa. Esangura horretan, emakume zientzialarien bizitearen eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak eta emakumeek zientziari egin deutsen ekarpena zabaltzen lagunduko dabe.
Azken urteetan bezela, aurten be, Ginkana batean parte hartzeko aukerea izango da. Horretarako, eskuko telefonoan Actionbound aplikazinoa bajau eta, dendaz denda, omendutako 12 emakumeen kartelak bilatu eta hareen QRak eskaneau beharko dira. Emakumeen kartel bakotxeko QR kodea eskaneauta, emakume horren inguruko galdera bati erantzun beharko jako. Holan, saltokiz saltoki, 12 emakumeen QR kodeak bilatu eta galdera guztiei erantzun arte.
Horrezaz gan, Zezeilaren 11 erakusleihoak egitasmoan ikusgai egongo diran irudietan oinarrituta, Zientzia-emakumeak argira erakusketea zabalduko da zezeilean Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Durango, Iruñea eta Ordizian.
Ekimen hau orain bost urte sortu eban Elhuyarrek Bizilaberen barruan, hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-eskaintzearen barruan. STEAM hezkuntzearen bitartez, Elhuyar urte osoan dabil neskek zientzia eta teknologia-gaietan parte har deien bultzatzen eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen dau, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurreratzeko gazteei. Holan, emakume horreen bizitea, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukerea emoten jake gazteei, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Egunari lotuta, beste hainbat ekitaldi atondu ditu Elhuyarrek. Teknopolisek Generoaren ajeak izeneko saio berezia eskainiko dau zezeilaren 8-9ko astegoienean ETB1en eta ETB2n. Egoera larri bat bistaratuko dau saioak: ikerketek erakusten dabe emakumeek ez dituela tratamendu mediko egokiak jasoten sexu eta genero-aldagaiak ez dagozalako txertatuta praktika medikoan, ezta ikerketa zientifikoan be. Ana Bernal Chico UPV/EHUko ikertzaileagaz, arazoaren muinera joko dau saioak.
Bestalde, Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazinoarteko egunerako, Elhuyarrek bat egiten dau Emakumeak zientzian ekimenaren 9. edizinoagaz eta, horretarako, alkarlanean dabil zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsu diran beste 34 erakundegaz: Achucarro, BCMaterials, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC- UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Deustuko Unibersidadea, UPV/EHU Informatika, UPV/EHU Kimika, Aranzadi Zientzia Alkartea, Basque Artificial Intelligence Center (BAIC), Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Biobizkaia, Biodonostia, Ceit, CIC energiGUNE, CIC nanoGUNE, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Kutxa Fundazinoa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MEGP), Mubil, Euskadiko Parke Teknologikoa, POLYMAT, Tecnalia, Tecnun, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola (UPV/EHU), Vicomtech, CIC bioGUNE, ESS Bilbao eta BBD BioPhenix SL-Biobide. Horreek guztiek atondutako ekimenen egitaraua hemen dago ikusgai: www.emakumeakzientzian.eus
12 emakume zientzialari omenduak
Emakume zientzialari honeek omenduko ditue:
- Amena Karimyan (Herat, Afganistan, 1996). Astronomoa, aktibistea eta idazlea.
- Dorotea Barnés González (Iruñea, Nafarroa, 1904-2003). Kimikaria.
- Halet Çambel (Berlin, Alemania, 1916-2014). Arkeologoa eta eskrimalaria.
- Harriet Martineau (Norwich, Erresuma Batua, 1802-1876). Ekonomialaria eta soziologoa.
- Jeanne Baret (La Comelle, Frantzia, 1740-1807). Botanikaria.
- Lurdes Ansa Maiz (Andoain, Gipuzkoa, 1961). Zientzia-materialen edizino-arduraduna.
- Margaret Crane (Indiana, AEB, 1941). Publizistea eta asmatzailea.
- Maria Jesus Esteban Galarza (Alonsotegi, Bizkaia, 1955). Matematikaria.
- Nawal El Saadawi (Kairo, Egipto, 1931-2021). Medikua, idazlea eta aktibistea.
- Patricia Rodríguez Brennan (Bogotá, Kolonbia, 1971). Biologo ebolutiboa.
- Suzuko Ainhoa Tamura (Aichi, Japonia, 1934-2015). Hizkuntzalaria.
- Uxue Lazcano Dobao (Bergara, Gipuzkoa, 1995). Biologo konputazionala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!