Gaur hasiko dira 'Andrazkoak Bizkaian' izeneko jardunaldiak
2025-02-04 11:04 KultureaBizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen egoitzan, Bilbon.
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Bizkaiko Batzar Nagusiekaz batera atontzen dau jardunaldi hau urtero, kulturan, landa-eremuan, enpresan eta zuzenbidean lan egiten daben emakumeen testigantzak erakusteko. Zikloaren helburua da emakumeak ikusarazotea, horreen aurrerabidea agerian ixteko eta datozan desafioak eta erronkak mahai gainean jarteko.
Lau mahai-inguruak zezeileko martitzenetan egingo dira, 18:00etatik aurrera, Bizkaiko Batzar Nagusietako berbaldi-aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo). Sartzea librea eta dobakoa izango da aretoa bete arte.
Euskalerriaren Adiskideen Alkartearen (EAE) Bizkaiko Batzordeak Emakumeak Bizkaian: Aurrerapen eta Sororidadeko Ibilbideak izeneko lau jardunaldiko zikloa atondu dau zezeilerako. Emakumearen zeregin eta erronkak ardatz dituan topaketen V. edizinoa da daborduko eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen lankidetzea eta Begoña Cava Mesa Deustuko Unibersidadeko historialari eta irakasle emerituaren eta EAEko Adiskide Numerarioaren koordinazino orokorra dabe.
Jardunaldiak datorren martitzenean hasiko dira eta zezeileko ganerako martitzenetan (zehatzago, 4, 11, 18 eta 25ean) jarraituko dabe, modu edegian eta doban, emakumearen arazoak eta egungo gizartean beteten daben lekua aztertzeko. Helburuei eusteko aurten zuzenbidean, kulturan, enpresan eta landa-eremuan dabizen emakumeen adibideak diseinau ditu.
Era berean, Jardunaldiei esker, hainbat esparrutan proiektuak eta lan jarduerak egiten dabizan Bizkaiko emakumeen lekukotzea eta esperientzia entzun ahal izango ditue gizon eta emakumeek. Helburua da lekukotza horreek lagungarri izatea hainbat arlotan emakume erreferenteak bilatzeko, kulturan, enpresan, lehen sektorean edo arlo juridikoan, besteak beste. Zikloa martitzenean, hilaren 4an, hasiko da, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundek buruak eta Jose Manuel Barandiaran Garcia EAEko Bizkaiko Batzordeko presidenteordeak inaugurauko daben lehen mahaiagaz.
Deialdiak Euskalerriaren Adiskideen Alkarteak gizon eta emakumeen arteko aukera bardintasuna sustatzeko eta emakumearen rola eta etorkizuneko bilakaerea ikusarazoteko zeregina nabarmentzen dau, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak sustatutako genero bardintasunaren erispideakaz batera.
Enpresa trebetasunak
Lau saioen zikloa inauguretako lehenengoa zezeilaren 4an hasiko da. Begoña Cava Mesa historialari eta Deustuko Unibersidadeko irakasleak moderauko dau. Alkarrizketa partekatuak, trebetasun profesionalak eta ekarpenak izenburupean, honeek izango dira hizlariak: Maite Aranzabal Harreguy Novia Salcedo Fundazinoko presidentea; María Goti Ciprian El Correo Alavako zuzendari gerentea; Ana Belén Palencia Ríus Bilbao Exhibition Centreko (BEC) komunikazino zuzendaria; eta Patricia Sojo Gutiérrez Bilbao House Concertseko zuzendaria eta sortzailea. Bertan, emakume lez dituan trebetasun profesionalak konpartiduko ditue eta trebetasun horreek euren lanbideetan zelan laguntzen daben azaltzea da asmoa.
Emakume legelariak
Bigarren mahai-ingurua emakume legelarien ingurukoa izango da eta zezeilaren 11n egingo da. Moderatzailea Inés Pellón González izango da, EHUko irakaslea eta EAEko Adiskide Numerarioa, eta bertan hartuko dabe parte Adela Asua Batarrita EHUko Zigor Zuzenbideko katedradun, Konstituzino Auzitegiko presidenteorde eta Estadu Kontseiluko kontseilari iraunkorrak; Reyes Goenaga Olaizola Bizkaiko Probintzia Auzitegiko presidenteak; eta Maite Portus Saratxo Familia Zuzenbidean abogadu adituak.
Emakumeak landa-eremuan
Hirugarren jardunaldian lehen sektoreko emakumeak izango dira protagonista eta moderatzailea Estibaliz Apellaniz Ingunza EHUko irakaslea eta EAEko Adiskide Numerarioa izango da. Honeek egongo dira mahaian: Itziar Bollar Urizar Arte Ederretan lizentziaduna eta Igorreko Urkitze landetxearen jaubeetako bat; Elena Galán del Castillo BC3ko (Basque Center for Climate Change) doktoretza-ondoko ikertzailea eta artzaina Pirinioetan; eta Leire Sorhouet Bordas Biologian lizentziaduna eta Bizkaigane Alkarteko bazkidea.
Emakumeak dimensino soziokulturalean
Azken jardunaldia zezeilaren 25ean izango da, arlo soziokulturalean ekarpenak egin dituen eta arlo hori eraldatzen dabizen emakumeak batuta. Begoña Cava Mesa Deustuko Unibersidadeko historialari eta irakasleak moderauko dau mahaia eta honeek egongo dira bertan: Igone Etxebarria Zamalloa Labayru Fundazinoko zuzendaria; Ane Legarreta Méndez orkestra zuzendaria; Ana Vega Pérez de Arlucea kazetaria, ikertzailea eta sukaldaritzearen historiako dibulgatzailea; eta Begoña Zubero Apodaca artista sortzailea eta argazkilaria.
Jardunaldiei amaierea emoteko, emakumeek osotutako Oroimen Ensemble harizko hirukoteak (biolina, biola eta txeloa) joko dau eta sarrerako berbak Ane Legarreta Méndez Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea alkarteko zuzendariak egingo ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!