Euskal Arte Eszenikoek 'La Maleta de Álex Angulo' aurkeztu dabe
2025-02-03 12:29 KultureaOnline plataformea da, 5.000 dokumentu batzen dituana.
Gaur goizean La Maleta de Álex Angulo (Álex Anguloren Maleta) aurkeztu da Bilboko BBK Salan. Euskal arte eszenikoen artxibo bizia da, Mayda Zabala eta Esther Velasco proiektuaren ideologoen eta sustatzaileen berbetan. Plataforma online eta dinamikoa da, hemen konsulta daitekeana. Berton, joan dan mendeko 60, 70, 80 eta 90eko hamarkadetako euskal antzerkiari buruzko dokumentazinoa batzen da, digitalizatuta eta katalogatuta, lehen konpainia independenteen bitartez sektorean profesionalizaziona hasi zan garaia.
Proiektuaren helburua da gure antzerkiaren historia jagotea eta herritar guztien eta arte eszenikoen ikerketean edo azterketan lan egiten dabenen esku jartea 5.000 dokumentu, zezeilaren 13tik aurrera eskuragarri egongo diranak, modu librean eta doban konsultetako eta deskargetako. Espero dogu hau izango dala Euskadiko arte eszenikoen artxibo global baten hazia, esan dau Velascok. Horrezaz gan, eskerrak emon ditu Euskadiko Artxibo Historikoa (digitalizazinoa), Irudigital (web garapena) eta Alfredo Murillo (diseinua) proiektuetan parte hartzeagaitik.
La Maleta de Álex Anguloren idea aspaldi sortu zan, hain zuzen be, Alexek gordeta eukan dokumentazino kopuru handiaz jabetu ginanean, adierazo dau Zabalak, aktore bizkaitarraren alargunak. Berak eta Velascok zazpi urte baino gehiago emon ditue bildumea eskuragarri egiteko lanean. Anguloren bizitzeaz eta ibilbide artistikoaz gan, euskal antzerkiaren sorrerako konpainia biei buruzko dozenaka material batzen dira: Cómicos de la Legua (1965-1980) eta Kolektibo Karraka (1980-1995).
Holan, ehunka kartel, argazki, audio, bideo, lan-ohar eta prentsa-zatiak osotzen dabe bildumea. Horreen artean dagoz, besteak beste, Tripontzi Jauna ospetsua (1977koa) edo zentsureagaz lotutako diktadura eta transizinoko hainbat salaketa eta zitazino judizial.
La maleta de Álex Angulo gure egungo antzerkia belaunaldi barriei nondik datorren ezagutarazoteko modua da, amaitu dabe esaten Zabalak eta Velascok.
Plataformea martxan dagoala ospatzeko eta Alex Angulok agur esan ebala 10 urte pasa diranean, zezeilaren 13an ekitaldia atondu dabe Bilboko BBK Salan. 19:45etik aurrera, aktorearen lagunak, lankideak, agintariak eta ikusleak alkartuko dira autortzea egiteko. Aurkezpen dramatizatua egingo da, Andrés Tejoren zuzeneko musikeagaz, Elsa Morenoren poesia errezitaduagaz eta Almudena Cacho eta Alicia San Juan kazetarien kontakizunekaz. Doban izan arren, konbidapena erreserbau behar da hemen.
Horrezaz gan, Alex Anguloren inguruan udan filmetan hasiko dan proiektuari buruz berba egin dabe haren arduradunek: La maleta de Álex filma Alejandro Cortés Calahorra zinemagileak zuzenduko dau. Larrua Creaciones eta Juantxu Álvarez Anguloren ordezkariak produziduko dabe. Erandioko aktorearen bizitzean eta obrean zeharreko ibilbide bezela planteaten da, gaur egun 21 urte dituan haren alaba Dodoren begietatik ikusita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!