Nadia Erostarbek WCTn debuta egin eta lehen kanporaketea gainditu dau Lexus Pipe Pro proban

Bizkaie! 2025-01-30 13:12   Kirola

Zarauztarra munduko zirkuitoko proba batean lehiatutako lehen emakumea da. 

Nadia nekatuta eta triste dago mailarik onena ezin izan dauelako emon, baina oso ilusionauta Hawaiko Lexus Pipe Pro txapelketan debutau dauelako, Munduko zirkuiturik zorrotzenean, WCTn.

Egun berezia izan da niretzat, CTn debutau dodalako. Oso egun polita izan da, baina urduri nengoan, lehiaketa garrantzitsuan ondo egin nahi nebalako. Pozik nago aurrera noalako baina nahiko neuke surf hobea erakutsi. Txanda gatxa izan dot, 15 minutuko break bategaz eta hasieran akats batzuk izan ditut, olatuak aukeratzerakoan. Edozelan be, txandearen amaieran, gogo handiz, egoereari bueltea emon deutsat. Olatu on bi hartu ditut eta bigarren postuan pasau naz. Hurrengo kanporaketan dana emoteko gogoa daukat, adierazo deutso Basque Teami jardunaldia amaitu ostean.

Zarauzko surflariak bigarren postua lortu dau Lexus Pipe Pro txapelketako hasierako txandan, final-zortzirenetan postu bat bermatuz. 

Gizonezkoen sei orduko lehiaketearen ondoren, haizea sartu da eta serieek luze jo dabe. Baldintza horreetan heldu da Nadiaren txandea, Caroline Marks eta Bella Kenworthy estadubatuarren contra, hau da, munduko txapeldun bat eta 18 urteko talentu gazte bat, CTrako sailkatu dana Ballito Pro irabazita. Caroline Marks izan da nagusi, zazpi puntuko olatuari esker eta Kenworthy eta Erostarbe bigarren postua lortzeko lehian izan dira.

Nadia urduri samar ibili da eta maniobra errazetan eta olatuen aukeraketan huts egin arren amaierarako bost minuturen faltan, txandako olatu handienetako batek, bira bakarra, oso indartsua, egiteko aukerea emon deutso eta epaileek lau puntu emon eta bigarren amaitu dau.

Amaierarako minutu bi besterik falta ez ziranean, Nadiak beste olatu bat harrapau aukerea aprobetxau eta backside surfinga erakutsi dau. Horrek aurrera egiteko emoitzea ekarri deutso. Caroline Marksek (AEB) 11.83ko puntuazinoa izan dau Nadia Erostarbek (EUK) 7.17koa eta Bella Kenworthyk (AEB) 6.67koa.

Aurreikuspenen arabera, ekatxa izango da Hawaiin datozen bi egunetan gutxienez eta, beraz, txapelketeak etenaldia izango dau. Ondoren, beste egun bat beharko dabe gaur hasitako nesken txandea eta 2. txandea amaitzeko. Beraz, Nadia Erostarbek eta Guillermo Gutierrez entrenatzaileak deskantsetako egun batzuk izango ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu