Euskal Herrian, Azkuna Zentroa 3. postuan dago 'Allora & Calzadilla. Klima' erakusketeari esker
2025-01-30 08:17 KultureaHogei postu baino gehiago hobetu ditu nazino mailan eta 32. postura heldu da.
Azkuna Zentroa kultur erreferente lez sendotzen jarraitzen dau eta 2024ko Kulturaren Behatokian dauen posizinoa hobetu dau, bai maila lokalean, bai nazionalean.
Euskal Herri mailan hirugarren postuan sartu da Allora & Calzadilla. Klima erakusketari esker. Bertan, Jennifer Allora eta Guillermo Calzadilla nazinoarteko arte garaikidean erreferente diran ikusizko artisten taldearen ibilbideko piezarik garrantzitsuenetako batzuk batu ziran lehen aldiz Bilbon. Klima 44.000 bisita baino gehiago izan zituan eta Allora & Calzadilla artisten gaiak aztertzen zituan: denpora geologikoa eta Lurreko bizitearen bilakaerearen historia, izakera postkoloniala, ingurumen-arloko justizia eta zor klimatikoa, geopolitika eta energia-iturriak.
Nazino mailan 32. postuan kokatzea lortu dau eta, horrezaz gan, Azkuna Zentroa estadu mailan ezinbestekoak diran hamar kultur zentroren artean kokatu da.
Autortza hori Azkuna Zentroak kultura garaikideagaz dauen konpromisoaren eta gizarte sortzaileago, kritikoago eta anitzago bat eregiten egindako ekarpenaren isla da. Zentroak begiradea hemen eta nazinoartean jarrita dau eta ikusleen komunidade askogaz hartu-emonak izateko zabalik dago. Kultura praktika, prozesu eta esperientzietarako espazio legez biziteko lekua da.
Kulturaren Behatokiak uri eta komunidadeetako kultura-jarduereari eta urteko kultura-erakunde eta jazoera garrantzitsuenei buruzko rankingak egiten ditu eta horrek bilakaerea aztertzea errazten dau.
Kultur Behatokia kultur sektorearen termometroa da, sektorearen bilakaerea neurtzeko, jokerak aztertzeko, eztabaidea sustatzeko eta bakotasunak zein aukerak identifiketako oinarrizko tresna. 2009tik, urtero egiten dau konsultea, urteko erakunde eta kultur ekitaldi garrantzitsuenak nabarmentzeko.
Azken edizinoan, sektoreko 461 profesionalek hartu dabe parte: % 43,7 kultur erakunde publikoetakoak dira, % 34,7 erakunde pribatuetakoak eta % 21,6 profesional independenteak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!