Orain 50 urteko San Blas feriari buruzko irudiak berreskuratu ditu Gerediaga Alkarteak
2025-01-28 10:51 KultureaGaraia Durangaldeko ikus-entzunekoen biltegirako.
1973. urteko San Blas ferian grabautako 19 minutuko ikus-entzunezkoa da, editau bako irudiak eta giro-soinu barik. Baina, garai bateko Abadiño zelakoa zan ezagutzeko eta batez be San Blas feriak ze irudi eban ikusteko balio handiko irudiak dira. Aurretik, baina, barikuan, urtarrilaren 31n, proiekzino berezia egingo dabe Abadiñoko Zelaietako kultur etxean, 19:30ean.
Abadiño inguruko irudiakaz batera, Zelaieta auzoko kaleak eta eraikin zaharrak identifikau daitekez, ferialekua zelan atontzen zen ikusi, zelako erakusle eta saltzaile hurreratzen ziran Abadiñora; eta 1973. urteko idi proben saioetako irudiak be jasoten dira.
Urte haretako San Blas feria zezeilaren 3an eta 4an egin zan. Gainera, 1967. urtean Gerediaga Alkartearen ekimenez modernizautako azokan Durangoko Merindadeko baserritar aurrerazaleentzat sariak banatu ziran. Durangoko Baserri Zabalkundeko Agentziagaz eta Bizkaiko Aurrezki Kutxagaz batera atondutako sariketea izan zan. Hiru kategoriatan emon ziran sariak: abelgorriena, ortu-frutena eta auzo-lanak. 60.000 peseta banatu ziran sari guztien artean eta honek izan ziran irabazleak:
Abelgorriak
- Jose Martin Unzalu Egidazu – Errota baserria, Amaitermin auzoa, Abadiño (15.000 peseta eta ohorezko plakea).
- Julian Uribelarrea Atutxa – Elorriaga-Atxekoa. Iurreta (5.000 peseta eta ohorezko garaikurra).
Ortu-frutuak
- Juan Cruz Gorroño Uribeganekoa – Zubitxueta, Eitua auzoa, Berriz (15.000 peseta eta ohorezko plakea).
- Gregorio Beitia Ibabe – Osintxueta. Arauna auzoa, Elorrio (5.000 peseta eta ohorezko garaikurra).
Auzo-lanak
- San Andres auzoko auzotarrak – Orozketako kofradia. Iurreta (15.000 peseta eta ohorezko plakea).
- Urien baserrietako auzotarrak – Santa Katalina auzoa. Garai (5.000 peseta eta ohorezko garaikurra).
San Blas feriaren barriztapena: 1967. urtea
Urte batzuk arinago, Gerediaga Alkarteak sustatuta, San Blas jaietako feria barritzeko pausua emon zan 1967an. Jose Luis Lizundia orain dala 25 urte argitaratutako “Durangalde Gogoan” bildumako lehen zenbakian idatzi ebanaren arabera, Migel Anjel Astiz kazetari nafar eta euskaltzalearen eta aldi berean Gerediaga Alkarteko bazkidearen idea izan zan. Gaur egun ezagutzen dgun moduko feria atontzeari ekin eutsen, baserri-sariketa, baserri-makinaria erakutsi eta
saltzen eben produktoreen parte hartzeagaz.
Gerediaga Elkarteak sustatuta bultzada barria emon jakon azokeari, Abadiñoko Udala, Caja de Ahorros Vizcaina eta Extension Agrariaren laguntzeagaz.
Garaia. Durangaldeko ikus-entzunezkoen biltegia
Igaz martxan ipinitako tresnea da Garaia. Eskualdeko memoria eta ondarea jasoteko eremuan ekarpena egiteko jaio da ataria (garaia.gerediaga.eus). Lekukotzen ikus-entzunezkoak eta Durangaldeko historia, kultura eta gizarte gaiakaz zerikusia daben dokumentalak be badira webgunean. Sortzaileek produzidutako film edo erreportajeak plataforma bakarrean batzen dira, asmo bigaz: lanak zabaltzen laguntzea eta herritarren eskurik eskura ipintea.
Urte hasieran Errekatxo dokumentala igon dabe plataformara, Abadiñoko Mendiola auzoko eskolearen 100. urteurrenaren harira egindakoa.
Datorren astean, 1973ko San Blas feriako irudiak izango dira. Eta urtean zehar, 2024an digitalizetan ibilitako ikus-entzunezko zaharrak igotea da asmoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!