Donostiako San Telmo Museoan hasiko da 22. Laburbira
2025-01-28 10:04 ZinemeaProiekzinoak atontzeko izen-emotea, hemen.
Laburbira, euskeraz sortu eta produzidutako film laburren zirkuitua da. Aurton, 22. edizinoak helburu nagusi bi ditu: batetik, euskal zinemagintzea hauspotzea, zinemagileek euren lanak erakusteko aukerea izanez, eta, bestetik, herritarrei euskeraz sortutako film laburrak ezagutzera emotea.
20 urteotan bide arrakastatsua egin dau Laburbirak: euskal zinemagintzearen erakusleiho bihurtu da, zirkuito egonkor eta edegia eskaintzen dauen neurrian, industria osoaren biztugarri moduan be eregiten dau.
Aurtongo edizinora 35 lan aurkeztu dira, horreetatik 8 aukeratuz, herriz herri ikusi daitezan. Guztira, 97 minututako film-labur bildumea osotu da ikusleei ahalik eta emonaldi aberasgarriena eskaintzeko.
Ondokoak dira, hurranez hurran, aurtongo edizinoan ikusgai dagozan film-laburrak:
- Propopagnosia (Ekain Martinez).
- Plazer bat (Sonia Estévez).
- Betiko gaua (Eneko Sagardoy).
- Europa (Ekain Irigoien).
- Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena).
- Hor konpon (Jone Arriola).
- Goodbay Kepler (Nerea Ayala, Patricia Fañanás, David Modroño, Iraia Yarto).
- Utländsk (Alba Lozano).
Laburbirak Donostiako San Telmo Museoan hasiko dau aurtongo ibilbidea, martiaren 6an egingo dan aurre-estreinaldian.
Proiekzinoak atontzeko eskaerak
Laburbira edozein herritan atondu daiteke. Beraz, alkarte eta udalen izen-emotea edegita dago zezeilaren amaiera arte. Berton aukerau leikete atontzaileek martiaren 7tik apirilaren 11ra bitartean zein egunetan eta non atondu nahi daben proiekzinoa. Horrezaz gan, sortzaile eta ikusleen arteko hartu-emonak erraztu eta sendotzeko, zuzendariakaz berbaldiak atontzeko aukerea be badago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!