Joxerramon Bengoetxea, UPV/EHUko errektore izentau dabe

Bizkaie! 2025-01-28 08:10   Kulturea

Errektore kargua hartu dau Ajuria Enean, Gasteizen, Imanol Pradales lehendakaria buru izan dauen ekitaldian.

Erretratua: Nuria González (UPV/EHU). | Ikusi handiago | Argazki originala

Errektore barriak gogoratu du, berbaldiaren hasieran, danon artean egitasmo partekatuaren programak ekarri gaitu honaino. Euskal Herriko Unibersidadeko kolektibo eta campus guztien bultzada eta aupada sendoa jaso dogu. Datozen sei urteetan gure programea ezartzea zor deutsegu orain.

Gizartearen eta kulturearen aurrerakuntzan unibersidadearen rola azpimarratu dau: garai barri eta arraro honeetan ugaldu egin dira kontakizun eszeptikoak, ebidentzia zientifikoak ukatzen dituen diskursoak eta leloak, egia-ostearen edo pentsamendu bakarraren adierazpen arriskutsuak, gure gizarte-justiziaren eredu europarraren oinarriak ahuldu nahi dituenak baina gure eredu horri eutsi eta, aldi berean, hobetu egin daiteke. Arrisku horreei aurre egiteko, unibersidadeak ezinbesteko tresna gara, eta Europako unibersidade publikoak eutsi eta argitzen dauen-hormea gara. Alkarlanerako deia be egin dau: seguru nago gure euskal erakundeek, Eusko Jaurlaritzeak eta Eusko Legebiltzarrak, foru eta udal erakundeek, unibersidade publikoaren aldeko apustu sendoa eginez, euskal unibersidade sistema bera sendotu egingo dabela, osotzen dogun unibersidade guztiei onurak ekarriz.

Bere aldetik, Imanol Pradales Lehendakariak suberte ona eta erantzun bikaina opa izan deutse Joxerramon Bengoetxea eta haren talde barriari gaur beregan hartzen dituen zereginetan eta ondokoa gogorarazo deutse: Jaurlaritza hau bidelagun ona izango da hasibarri daben bidean. Badakigu zuen onena emongo dozuela UPV/EHUren alde; esan dau Lehendakariak eta ondokoa azpimarratu: unibersidade publikoa hainbat hamarkadatan euskal gizarteari zerbitzu bikaina emon deutso eta gaur egun harro egon daiteke Shangaiko rankingaren arabera munduko laurehun unibersidade onenen artean egoteaz.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Juan Ignacio Pérez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntza sailburua Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Eva Ferreira, UPV/EHUko errektore ohia; Juan José Etxeberria, Deustuko Unibersidadeko errektorea; Vicente Atxa, Mondragon Unibersidadeko errektorea; Eva Eguiguren, EUNIEZeko errektorea; Joseba Agustín Eizaguirre, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluko presidentea eta lehengo eta oraingo errektore taldeetako kideak.

Zuzenbidearen Filosofiako katedradun Joxerra Bengoetxea (Irun, 1963)

Edinburgon doktoratu zan eta UPV/EHUko irakaslea da 1990etik. Nazinoarteko Zuzenbidearen Soziologiako Masterreko zuzendaria izan da, Nazinoarteko Zuzenbide Soziologiako Institutuko zientzia zuzendaria eta EHUgune programako zuzendari eta koordinatzailea. Bengoetxeak ikerlanak egin ditu bidezkotze judiziala, alkarrizketa judizialak, epaileen soziologia, zuzenbidearen aplikazinoan erabilten den argudiaketea, lengoaia eta azterketa juridikoa eta logika juridikoan. Era berean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko letradua izan zan, Europar Mobimentuko Euskal Kontseiluko idazkari nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea. Haren ibilbide akademikoa autortu deutso Helsinki Unibersidadeak 2023an honoris causa doktore izentauta.

Bengoetxea irakaslea zemendiaren 26an egindako hauteskundeetan aukeratu eben, botoen % 63,85 eskuratuta eta Eva Ferreira atzean itxita. Unibersidadeko kide guztiek aukeratzen dabe UPV/EHUko errektorea, sufragio unibersal haztatuaren bidez.

Honako honeek dira errektore barriaren taldeko kideak: Leire Garmendia, idazkari nagusia; Ixone Fernandez de Labastida, Arabako Campuseko errektoreordea; Estitxu Garai, Bizkaiko Campuseko eta Komunikazinoko errektoreordea; Juana Goizueta, Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Igone Zabala, Euskera eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordea; Marian Iriarte, Hartu-emon Instituzionaletarako eta Kulturako errektoreordea; Efren Areskurrinaga Irakasle-ikertzaileen errektoreordea; Asier Blas, Ikasleen eta Partaidetzarako errektoreordea; Urtza Garay, Gradu eta Eraldaketa Digitalerako errektoreordea; Ainhoa Berasaluze, Graduondoko eta Etenbako Ikaskuntzako errektoreordea; Jon Umerez, Ikerketa errektoreordea; Gotzone Barandika, Transferentzia eta Nazinoartekotze-errektoreordea; Aitziber Mendiguren Koordinazino eta Konpromiso Sozialeko errektoreordea; eta Javier Varona, gerentea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu