Euskadik bere historiako ordezkaritzarik zabalena izango dau eski alpinoko Munduko Txapelketetan
2025-01-27 11:26 KirolaEAEko kirolariak estaduko taldearen % 37,5 izango dira.
Nahiz eta edurrik ez izan eta diziplina horreetan ibilteak gure atletei ahalegin handia eskatzen deutsen, beste behin Euskadik neguko kiroletan erakutsi dau bere indarra, oraingoan, eski alpinoan. Aurreko hitzorduetann, hala nola, Munduko Txapelketetan eta Neguko Jokoetan, EAEkoak estadukoakaz alderatuta emondako zenbakiak oso esanguratsuak izan dira beti. Orain, barriz, zezeilaren 4tik 16ra Saalbachen (Austria) egingo dan eski alpinoko Munduko Txapelketarako itxaropentsu dagoz Euskal Autonomia Erkidegoko kirolariak; estadutik deitutako taldearen % 37,5 izango dira, eta datu hori % 50era igoten da Nafarroako kopuruak gehituta.
Euskal Autonomia Erkidegotik hiru ordezkari joango dira Saalbachera, hirurak bizkaitarrak: Juan del Campo, Aingeru Garay eta Ander Mintegui. Nafarroatik Adur Etxezarreta donostiarra lehiatuko da, jaiotzez donostiarra, baina Areson bizi dana, umezarotik.
1991n Munduko Eski Txapelketea hartu eta 34 urtera, Saalbachek, Zwölferkogel mendi ospetsuak, hitzordu mundialistea hartuko dau barriro.
Juan del Campo 2015etik Munduko Kopan parte hartzen dabilena eskiatzaile beteranoa da, olinpikoa Pyeongchang 2018 txapelketan, eta eslalomean lehiatuko da. Beragaz Munduko Kopan eta Europako Kopan be ohiko kirolaria Aingeru Garay ibiliko da. Galdakoztarrak Erraldoian be parte hartuko dau. Ander Mintegui Super Erraldoian, Jatsieran eta Taldekako Konbinatuan lehiatuko da, eta Adur Etxezarreta Jatsieran eta konbinatuko taldean.
Quim Salarich, Tomás Barata, Aleix Aubert eta Albert Ortega kataluniarrek osotuko dabe estaduko ordezkaritzea.
Ander Minteguik, Super Erraldoia irabazi dau oraintsu Turingo Unibersiadan eta orain urtebete inguru munduko txapeldunorde izan zan proba berean. Bera izango da lehiatzen lehenengoa, abiadura probek emmngo baiteutse hasierea Munduko Txapelketei. Super Erraldoia zezeilaren 7an jokatuko dabe eta Jatsierea, pistara eta bere baldintzetara egokitzeko hiru entrenamendu egin ondoren, zezeilaren 9an izango da, domekea, 11:30etik aurrera. 21 urteko bilbotarragaz batera, modalidade bietan lehiatuko da Etxezarreta.
Mintegui be bosgarren izan zan Turinen, Alpeetako Konbinatuan. Lehiaketa horretan be bere taldekide gipuzkoarragaz ibiliko da zezeilaren 12an, eguaztenean, 10:00etatik aurrera. Angel Calero hautatzaileak erabagiko dau Juan Del Campo edo Quim Salarich nor batu taldera.
Abiadura-proben ondoren, teknikoak etorriko dira. Aingeru Garayk zezeilaren 13an egingo dau debuta Erraldoiaren sailkatze-saioan. Galdakaokoa espezialistea da modalidade honetan eta Europako txapelketan lehiatzen da. Aurreko txandea gainditu ezkero, azken proba otsailaren 14an, ostiralean, egingo du.
Eslalomak zarratuko dau txapelketea. Euskal ordezkaritzea bikotxa izango dogu Del Campo eta Garaygaz. Sailkapena zezeilaren 15ean jokatuko da eta finala, barriz, hurrengo egunean.
Basque Teamen bikaintasun proiektua
2016tik, Basque Teamek, Neguko Kirolen Euskal Federazinoagaz batera, bikaintasun-proiektua jarri eban martxan, euskal kirolarien parte-hartzea sustatzeko nazioarteko hitzordu handietan, eta, zehatzago, Neguko Joko Olinpikoetan eta Paralinpikoetan.
Eusko Jaurlaritzeak estrategikotzat joten ditu neguko kirolak. Fundazinoaren eta Euskal Federazinoaren bidez, azken bederatzi urteetan lan berezia egin baita izotz eta eur-modalidaeetan nabarmentzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!