2021-2025 agintaldiko balantzea aurkeztu dau Eva Ferreirak
2025-01-24 12:49 KultureaAurrekontua handitzea, langileak finkatzea eta lankidetzan oinarritutako prestakuntzea eta ikerketea sustatzea izan dira gako nagusiak.
Agintaldi honen amaierearen harian, lau urteotan egindako lanaren balantzea aurkeztu dau Eva Ferreiraren errektorego taldeak, unibersidadeko kideen aurrean, Euskal Autonomía Erkidegoko jentartearen nahiz erakunde publikoetako ordezkari eta eragileen aurrean.
Amaitzear dagoen agintaldia 2021eko urtarrilaren 25ean hasi zan, pandemiak eragindako testuinguru larrian. Lehenengo urte haretako lorpen garrantzitsuenetako bat izan zan ikasturtea bikain amaitu izana, izan be, ondo buztartu ziran online tresnak eta, ahalik eta neurri handienean, aurrez aurreko eskolak.
Hurrengo ikasturtean entzute aktiboan oinarritutako prozesu bat jarri zan martxan eta horren bitartez onartu eta landu zan Plan Estrategikoa. Horri esker, zenbait plan espezifiko onartu dira, unibersidadeko lana sustatu dabenak hainbat arlotan: graduondoko eta etenbako prestakuntzearen eskaintzea; euskerearen erabilerea unibersidadeko prestakuntzan eta egunerokoan; ikerketa eta ezagutzearen transferentzia; ikasleen parte-hartzea; nazinoartekotzea; inklusinoa; bardintasuna; eta komunikazinoa.
Eusko Jaurlaritzeagaz batera landu da 2023-2026 aldirako Unibersidade Plan barria eta horrek aukerea emon dau UPV/EHUra bideratutako inbersinoa handitu eta, ondorioz, langileak ugaritu eta finkatzeko. Eraikinen mantentze eta birgaitze lanetara bideratutako finantziazinoa sendotu egin da eta Bizkaia nahiz Gipuzkoan Medikuntza eta Erizaintza Fakultadearen eraikin barriak egiteko aurrekontua bermatu da. Programa kontratuen asmoak handiagoak dira orain. Aurrerapen handia da hori aurreko planakaz konparauta eta abiapuntu egokia da Unibersidade Sistemearen Lege Organikoak proponiduten dauen finantziazino ereduari begira.
Eusko Jaurlaritzearen aurrekontuetatik inbersioa handituta eta kanpoko baliabideak erakarrita (100 M€ baino gehiago urtean), aurrekontua % 22 inguru handitzea lortu dau euskal unibersidade publikoak. Kontuak kontu, adostutako plangintzeari eta lortutako baliabideei esker UPV/EHUk 2025. urtean dauen egoerea aurkeztu eta balantzea positiboa da. Datuak ez dira zehatzak baina azpimarratzeko moduko emoitzak erakusten ditu; emoitza barritzaileak, oihartzun sozial handikoak, eta eragin kuantitatibo edo kualitatibo nabarmena dabenak.
Emoitza adierazgarriak dira, besteak beste, prestakuntza eskaintzearen handitzea eta graduondoko ikasleak erakarteko gaitasuna % 15 hobetzea. Zientzia eta transferentzia arloan, adibidez, UPV/EHU liderra da Euskadin; gainera, Estadu mailan spin-off enpresak sortzen lehenengo unibersidadea izan da, eta bigarrena kanpoko baliabideak erakarten, baita dibulgazinoan be. Horrezaz gan, munduko 400 unibersidade onenen artean dago, Shangaiko rankingaren arabera.
Balantzean aurkeztu dira eragin sozialari lotutako zenbait adierazle, hainbat neurri solidario eta euskerearen eta euskal kulturearen sustapenari lotutako emoitzak. Azken horri lotuta, katedra barri bi sortu eta bost Bikain ziurtagiri lortu dira.
Irakasle-ikertzaileei (IRI) eta Teknikariei eta kudeaketako eta administrazino eta zerbitzuetako langileei (TEKAZEL) buruzko datuak be jasoten dira dokumentuan: esaterako, laguntzaile doktoreen ia 1.000 plaza sortu dira, TEKAZELen % 92 baino gehiago egonkortzea lortu da eta lan baldintzak hobetzeko hitzarmenak sinatu dira. Ezin ahaztu ikasleen unibersidadeko egunerokoa hobetu daben hainbat barrikuntza, sortu barri dan entzute eta erantzute sareari esker lortutakoak.
Gobernantza eta baliabideen ardatzari buruzko datuak emonez amaitzen da balantzea: gobernantza gardenagoa lortzeko baldintzak eta campusetako azpiegiturak hobetzeaz gan, nabarmentzekoak dira hainbat konsumo murriztea ahalbidetu daben neurriak (% 50 eta % 17 aurreztu da gas eta elektrizidadean, hurranez hurran).
Eva Ferreira errektorearen ustez, asko dago egiteko, jakina, baina egindako bideak aukerea emoten deusku etapa hau harrotasunez amaitzekoo. 2025. urtean, unibersidade publiko sendoa dogu: gizartea eta lurraldea egituratzen dituan eragilea gara; zientzia, teknologia eta barrikuntzarako euskal sarea ardazten dauen eragilea; eta askotariko jakintza arloak atontzen dituana. Lan kolektiboaren emoitzea da orain arte lortutako guztia –gaineratu du–. Proiektu bakotxak izen zerrenda luzea dau atzetik eta horreek barik ezinezkoa izango zan hau guztia lortzea. Hor dagoz fakultateak, eskolak, ikerguneak, institutuak, sailak, batzordeak, negoziazino mahaiak, aliantzak eta erakunde laguntzaileak, baita hamaika izen propio be, beren lanpostuetatik dabizen profesionalenak eta ikasgela, biblioteka, tailer eta laborategietan dabizen ikasleenak.
Amaitzeko, proiektu honen buru izateaz harro agertu da errektorea eta onena opa izan deutse bai gobernu talde barriari, baita unibersidade publiko osoari be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!