Mondragon Unibersidadeak Txinako Katedrearen saria jaso dau

Bizkaie! 2025-01-24 07:45   Kulturea

Nazinoartekotzean eta Txinagaz hezkuntza-lankidetzan egindako lanagaitik.

Mondragon Unibersidadeak Akademia kategoriako lehen saria jaso dau Txinako Katedrearen VIII. sarietan. Txinako Katedra Alkarteak emondako autorpen entzutetsu horrek Unibersidadeak Ekialdearen eta Mendebaldearen artean hezkuntza eta enpresa-zubiak eregiten egindako ibilbidea nabarmentzen dau.

Nazinoarteko ahaleginari eta lankidetzeari autortza ekitaldia Madrilen egin da eta Jiaping Mak aurkeztu eban, sari-banaketeari testuingurua eta hasierea emonez. Rafael de Morak, Txinako Katedra Alkarteko idazkariak, sarituen aktea irakurri eta ondoren, Javier Porrasek eta Dong Dengek, Txinako Katedra Fundazinoko buruek Mondragon Unibersidadea aurkeztu eben kategoria horretako irabazletzat. Saria Vicente Atxa Mondragon Unibersidadeko errektoreak jaso eban.

Hitzaldian, Unibersidadeak Txinagaz 20 urtez izan dituan mugarri nagusiak nabarmendu zituan, baita LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Barrikuntzea) gradu barritzailearen ezarpena eta eragin globala be.

20 urte Txina eta Europaren arteko zubiak eregiten

Mondragon Unibersidadeak bere nazinoarteko ekintzailetza komunidadearen bitartez, Mondragon Team Academy, hamarkada bitan lan egin dau hezkuntzearen eta barrikuntzaren bidez kulturen arteko loturea sustatzeko.

Atxak berbaldian nabarmendutako mugarrien artean honako honeek dagoz:

  • Txinako learning journeyetan (ikasketa bidaietan) parte hartu dabe 800 LEINNeko ekintzaile/ikaslek, 2012tik herrialdeko enpresa eta gizarte-inguruneetan sartutako esperientziakaz.
  • Mondragon Unibersidadeko barrikuntza eta ekintzailetza-masterretan trebatu dira 150 profesional txinatar baino gehiago.
  • 100 ikasle eta irakasle txinatar Europan izan dira Unibersidadeko hezkuntza barritzaile honen laborategiak ezagutzeko.
  • TEAMINN eta MINN programa aitzindariak landu ditu Mondragón Unibersidadeak, talde ekintzaileak eta barruko-ekintzailetzea jorratzeko.

Nan Huai Chin irakasle budistearen filosofiagaz eta bere lana gidatu daben harmonia eta integrazino kulturalaren balioakaz konpromiso sendoa.

Aukeraz betetako etorkizuna

Ekitaldian, eskualde bien arteko hartu-emonak sendotzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu eben: hau hasiera besterik ez da, esan dau Atxak. 1.000 miliako bidaia bat lehen urrats bategaz hasten da. Gaur, Txinagaz batera proiektu estrategikoak lantzen jarraitzeko konpromisoa berresten dogu.

Sari honek, egindakoak autortzeaz gan, Mondragon Unibersidadea munduak konektetako eta hezkuntzearen eta barrikuntzearen bidez eragin positiboa sortzeko misinoan aurrera egiten jarraitzea dakar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu