Gurari, Getxoko Emakumeen Etxea inaugurau dabe
2025-01-23 12:11 KultureaFeministea, intersekzionala, arrazakeriaren kotrakoa eta sareak ehuntzeko gunea.
Getxoko emakumeen aniztasun-beharrak jasotea, horreei erantzutea eta informazinoa emotea; emakumeen artean loturak, sareak eta kolektiboak sortzea sustatzea, eta euren ahalduntze personala, kolektiboa eta soziopolitikoa bultzatzea dira bart inaugurautako GURARI, Getxoko Emakumeen Etxearen helburuetako batzuk. Edegierann Amaia Aguirre alkateak, Carmen Díaz Gizarte Kohesinoko zinegotziak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Teresa Laespada, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesino eta Bardintasuneko Diputaduak hartu eben parte, Las Lombardas emakumeen koroagaz, Afrika Bibang abeslariagaz eta Karmele Larrinagagaz batera. Ekitaldira, ordezkari politikoak, Etxean martxan jarteko prozesu parte-hartzaile izandakoko emakume, Jaubekuntza Etxeko ikasle eta Udaleko Bardintasuneko Kontseiluko eta udalerriko emakume eta giza Alkartetako ordezkari ugari be bertaratu ziran.
Algortako Benturilleta eta Telletxe kaleen arteko alkargunean dagoan udal gune batean kokatutako Gurai bardintasunaren alde lan egiten daben kolektiboak, alkarteak eta zerbitzuak barrubatzen dituan espazio feminista intersekzionala eta antirrazistea izango da, indarrak bateratzeko eta sinergiak sortzeko leku fisikoa. Horrezaz gan, ahalduntze-eskolearen egoitzea be izango da eta jarduera ugari hartuko ditu. Asmoa da gizarte-eraldaketara bideratutako emakumeen ahalduntze-prozesuen erreferentzia, ikaskuntza eta sustapen-lekua izatea.
Amaia Aguirre hunkituta Etxearen inaugurazinora hurreratu ziran 170 bat lagunen aurrean, Getxorentzat eta udalerriko emakumeentzat oso egun berezia zala autortu eban. Alkateak prozesua nabarmendu eban Etxearen ames kolektiboa errealidade bihurtzeko 50 emakumek baino gehiagok eta Udalak alkarlanean egindako lana. Guztiei eskertu eutsen emondako laguntzea eta Getxoko emakume guztiak konbidau zituan espazioa bere egitera eta ideaz eta proiektuz betetera, gure helburua argia baita, Getxo bardinzaleagoa, bidezkoagoa eta inklusiboagoa alkarregaz eregitea. Etxe hau ekipamendu publiko bat baino askoz gehiago da. Ahalduntzeko gunea da, topaketarako, hausnarketarako eta ekintza kolektiborako lekua, baita sareak ehuntzeko be. Gaur egun historikoa da Getxorentzat, emakumeentzat eta gizarte osoarentzat mugarri historiko bat ospatzen baitogu etorkizun hobe bat lortzeko pauso bat emonez. Segidu daigun alkarregaz lanean, energiaz, irudimenez eta ausardiaz.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak emakume taldeak, Udala eta mobimentu feministea zoriondu zituan egindako lanagaitik, Etxea lorpen kolektibo baten emoitzea baita. Nabarmendu eban gero eta etxe gehiago dagozala Euskadin, 20 baino gehiago, ekipamendu estrategikoak indarkeriari aurre egiteko, emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa bultzatzeko eta sareak eregiteko. Bestalde, Teresa Laespada Enpleguko, Gizarte Kohesinoko eta Bardintasuneko foru diputadua be pozik agertu zan, aurreko urteetan, isilean, bardintasunaren eta feminismoaren alde lan egin eben emakumeak gogora ekarri eta nabarmendu eban ahalduntzea bardintasunerako lehen urratsa dala eta ez doala inoren kontra, lorpen kolektiboa eta gizartearen elementu nagusia baita. Lapaespadak belaunaldien guztientzako Etxea aldarrikatu eban emakume guztiak babestuta eta ordezkatuta sentidu daitezan.
Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak bat egin eban prozesu parte-hartzailean ibilitako emakumeei zorionak eta eskerrak emoten eta adierazo eban ezinbestekoa dala Emakumeen Etxeak existidutea ahalbidetu daben burruka feministak eskertzea eta autortzea, izan be, horreek barik, ez ginateke hemen egongo. GURARIk ahalduntze-prozesu personalak zein kolektiboak bultzatu nahi ditu. Emakume guztiak ahalduntzeko leku enblematikoa, eragin politiko eta sozialerako gune feministea, behar dogun aldaketa sozialean eta balioen aldaketan aurrera egitea ahalbidetuko dauena, ekonomiak eta gizarte-antolamendua eraldatzea beharrezkoa dalako bardintasunezkoagoak eta iraunkorragoak izan daitezan, persona guztien bizitza eta ongizatea erdigunean jarri deien eta preminazkoa dalako emakumeen kontrako indarkeria matxisteagaz amaitzea.
Egunero zabalik
400 metro koadro baino gehiagoko Etxeak alkarbizitzarako gune bat izango dau, egongela eta sukaldeagaz, liburutegi bat eta funtzino anitzeko areto batzuk, Jaubekuntza Eskolako jarduerak izango dira, baita tailerrak, hitzaldiak, jardunaldiak, topaketak eta askotariko jarduerak be.
Dinamizatzaile bik eta koordinatzaile batek artatutako Emakumeen Etxearen ordutegia izango da astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:30era; zapatuetan 15:00etatik 21:00etara, eta domekaan, 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:30era. Informazino gehiago: 944 66 01 38 gurarietxea@getxo.eus
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!