DoSEL proiektu europarra martxan, 2025eko Esloveniako Drama Astean

Bizkaie! 2025-01-23 10:40   Kulturea

Arriaga Antzokia DoSEL proiektuan parte hartzen dabizen zortzietako bat da.



DoSEL (Drama of Smaller European Languages) europar proiektua garapen betean dago. Joan dan astean prentsaurreko bat egin Eben Esloveniako Kranj urian. Bertan, Esloveniako 55. Drama Astearen hautatzaile Alja Predanek eta Kranjeko Prešeren Antzokiko jarduneko zuzendari Rok Bozovičarek martiaren 27tik apirilaren 12ra egingo dan jaialdi horretako programea aurkeztu Eben; azken denporaldian Esloveniako antzokiek antzeztutako obra edo testu esloveniar batean oinarritutako emonaldirik arrakastatsuenak eskainiko dira. Aurten, Esloveniako 55. Drama Astean lehen DoSEL International Showcase izango dabe: jatorriz Europako hizkuntza gitxitu batean idatzi eta antzeztutako lau ikuskizun aurkeztuko dira, ingelesezko eta eslovenierazko azpitituluakaz. Kosovieraz, bulgarieraz, malteraz eta katalanez egindako piezak izango dira, Kosovoko Antzoki Nazionalak, Ivan Vazov Antzoki Nazionalak, Teatru Maltak eta Bartzelonako Casa Beckettek produzidutakoak, hurranez hurran.

Arriaga Antzokia DoSEL proiektuan (Europar Batasunaren Europa Sortzailea programeak babestutako DoSEL proiektuaren helburu nagusia Europako hizkuntza gitxituetan idatzitako dramaturgia sustatzea, itzultzea eta zabaltzea da) parte hartzen daben zortzi antzokietako bat da, baina ez dau presentziarik izango Esloveniako hitzorduan. Aurrerago, ostera, Arriagak protagonismoa hartuko dau proiektuan, bai anfitrioi lez, Bilbon ekimenen bat hartuz, bai Arriaga Antzokiaren izena eta euskerea kanpora eroanez be, atzerrian ikusi ahal izango baita produkzino propio baten bidez. Zehetasunak aurrerago zehaztuko dira.

Esloveniako 55. Drama Asteko programeari buruzko informazino gehiago hemen.

Europako hizkuntzea itzulpena da (Umberto Eco). 

Arriaga Antzokiak gogo handiz hartzen dau parte proiektu honetan, izan be, Europako diberdsidade kulturala sustatu nahi baita, esperientziak trukatuz eta kontinente zaharreko beste antzoki batzuekaz lankidetzan, horreek be hizkuntza gitxietan lan egiten baitabe.

Esangura horretan, proiektu honetan honako kultura-gune honeek parte hartzen dabe Bilboko Arriaga Antzokiagaz batera: Presernovo gledalisce Kranj (Eslovenia), National Agency for the Performing Arts (Malta), Croatian National Theatre in Zagreb (Kroazia), Foundation Estonian Theatre Agency (Estonia), National Theatre of Kosovo (Kosovo), Ivan Vazov National Theatre (Bulgaria) eta Beckett aretoa (Katalunia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu