Fiturren aurkeztuko dabe 'Bilbo, jaialdien uria' katalogoa
2025-01-22 11:23 Pil-pileanEhun plan baino gehiago batzen ditu.
“2025 Bizi ezazu apartekoa dan hori” izenburupean, argitalpenak musikearen, artearen, zinemearen, literaturearen, jantzaren, kulturaren eta kirolaren arloetako proposamenak batzen ditu eta Bilbo kultura eta uri-turismoaren erreferente legez finkatzen dau urte osoan zehar.
IATI sarietako finalisten artean da Bilbao Turismo Enpresa edo Erakunde Turistikoen Eduki Sorkuntza Onenaren kategorian eta irabazleak bariku honetan emongo dira ezagutzera.
Bilboko Udalak gaur, hilak 22, aurkeztuko dau FITURen (Iberoamerikako merkatu hartzaile eta igorleentzako azoka liderra eta turismoko profesionalentzako topagunea) bere katalogo barria.
Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko Zinegotzia, Kontxi Claver, bere lantaldeagaz batera izango da lehen aldiz azoka horretan eta ezagutzera emongo ditu ehun proposamenak, honako helburu honeek lortzeko asmoz: Bilbok kulturearen arloan dauen lidergoa sendotzea; kultura eta sormen-turismoari lotutako turismo-eskaintzea sakontzea eta dibersifiketea Europako eta distantzia luzeko merkatuetan eta sektoreko industriari eta uriaren garapenari laguntzea.
Bilbo helmuga ederra da, jaialdiak eta ekitaldiak uriaren kultura eta sormen-eskaintzearen arima dira, Bilbao BBK Live garagarrilean, BIME urrian, Bilbao Blues Fest bagilean, BBK Bilbao Music Legends Fest bagilean, Jazzon Fest urtearen azken hiruhilekoan, Musika-Música martian... Urte osoan zehar urian egiten diran musikearen arloko mugarrietako batzuk baino ez dira. Eskaintza horrregaz batera ezin ahaztu ZINEBI, FANT, JA! Festival, BBK Mendifilm Bilbao Bizkaia, Thinking Football Film Festival, Zinegoak, Seriesland, BAD, Dantzaldia, Museo Guggenheim Bilbaoko eta Arte Ederren Museoko erakusketak edo uriaren nortasuna islatzen daben ospakizun handiak, abuztuan Aste Nagusia, Aste Santuan Bilbao Basque Fest, Gabonetan Bilbao Gabonak eta Santo Tomas Azokea.
Bilbo, Jaialdien Uria. 2025 Bizi ezazu apartekoa dan hori katalogoak uri bizigarri eta erakargarri legez erakusten dau Bilbo; eten barik eraldatzen dagoan uria, kirol-ekitaldiak egiteko esparru ezin hobea eskaintzen dauena, UEFA Europa Leagueko 2025eko Finala, 2025eko Vuelta, Bilbao Jai Alai Iron Cup, BBX3 Bilbao Basket, TotalEnergies Bilbao Night Running Fest...
Turismoari jagokonez, IATI sariek —bidaien komunikazino digitalaren bikaintasuna autortzen dabenek— jakitera emon dabe Bilbao Turismo finalista hautatu dabela Enpresa edo Erakunde Turistikoen Eduki Sorkuntza Onenaren kategorian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!