Loa eta Laia animazinoko serieak III. Bizitzaren Melodia estreinauko dau

Bizkaie! 2025-01-22 10:00   Kulturea

Musikeak bizitzako etapetan ardatz izango dituan hamar atal barri dira.

Euskerazko Loa eta Laia animazinoko serie arrakastatsuak bere hirugarren denporaldia estreinauko dau, Bizitzaren Melodia izenburupean. Musikearen garrantzia izango da gai nagusia, gure bizitzan, txikitatik helduarora bitarteko etapetan dauen eragina aztertuz.

Denporaldi barriak hamar atal izango ditu eta musika munduaren aniztasuna eta unibersaltasuna erakutsiko ditu Euskal Herritik begiratuta eta mundu osoko erritmoak landuz.

Loa eta Laia proiektua Josu Bergara Aretxabaleta musikari eta publizistearen eta Paul Caballero Barturen ilustratzailearen idea lez jaio zan. Lehen bi denporaldien erantzun bikaina ikusita –YouTube kanalean miloe bat ikustaldi baino gehiago eta 3.000 harpidedun baino gehiago batu ditue–, sortzaileek ikus-entzuleei esperientzia gehiago eskaintzeko asmoa dabe.

Kontuak kontu, 3. denporaldi honetan, musikearen inguruko hainbat gai landuko dira: bakearen aldeko aldarria Zer da bakea? lehen singlean, euskal folklorearen instrumentuak, besteak beste, txalapartea eta trikitixea, eta munduko musika estilo ugari landuko dira eta estilo ugari (blues, reggae, pop-rock, folk..). Gainera, ipuinak eta irudimena lantzeko atal bereziak izango dira eta Maritxu Tellatuko personaiari omenaldia egingo jako abesti baten bidez.

Denboraldi barriak helburu didaktiko eta pedagogikoari eusten deutso, generoen arteko bardintasuna eta errespetua sustatuz. Eta musikeak eskaini leikezan onurak azpimarratu nahi ditu, bai sormenaren aldetik eta bai gizakion arteko hartu-emonetarako eta alkar ezagutzarako eta bizikidetzarako izan daiteken tresna baliogarria.

Bihar-etzirako erronken artean, Loa eta Laia Euskal Herriko umeeta familien artean erreferente bilakatu dira. YouTuben ez eze, EITBn eta Makusi plataforman be ikusi daitekez euren edukiak. Ikastetxe askotan erabilten ditue euren abestiak jardueretan eta familiak euren edukiak sare sozialen bidez konpartiduten dabiz.

Ikastetxeek eta familiek ekimenari hauspoa emon deutse, sare sozialetan aktibo izanik, edukien partekatze eta iruzkinen bidez komunidade sendo bat sortuz. Gainera, serieak empresa pribatu, alkarte eta erakundeen babesletza aukerak garatu ditu, proiektua bultzatzeko hainbat bide edegiz.

2025eko udagoienean estreinetako zuzeneko ikuskizuna atontzen dabiz eta horrezaz gain, erropa eta bestelako merchandising produktuak be merkaturatuko ditue, ikusleen eskariari erantzuteko.

Loa eta Laia proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dauka eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzea jaso dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu