Nadia Erostarbe Basque Teameko surflariak WCT zirkuituan debuta egingo dau

Bizkaie! 2025-01-22 08:30   Kirola

Estadu mailan hori lortuko dauen lehenengo emakumea izango da.

Nadia Erostarbe Basque Teameko kirolariak beste urrats bat emon dau bere aparteko ibilbidean, urtarrilaren 27tik zezeilaren 8ra Banzain (Oahu, Hawai) jokatuko dan Lexus Pipe Pro mitiko eta zorrotzean debuta egingo baitau. 2025ean World Championship Tour (WCT) Munduko surfaren kategoria goreneko lehen ekitaldia izango da. Holan, estadu mailan surfaren zirkuitu garrantzitsuenean debuta egingo dauen lehen emakumea da Nadia, eta bigarren surflaria, estaduan, Aritz Aranburu Basque Teameko kirolaria baino ez baita heldu, orain arte, maila horretara.

Nadia Erostarbe zarauztarrak aurreko denporaldian egindako urte bikainari erreparauta World Surf Leaguea (WSL) pozarren dago eta maila pribatuko surfaren erakunde gorenak konbidau egin dau aurtengo lehen hitzordu handian parte hartzeko. Nadia igoeratik postu batera geratu zan, seigarren kokatuta dago Challengerretako zerrendan eta horregatik hartuko dau Defayren lekua.

Zirkuitu honek, CTk, beste hamar proba gehiago izango ditu eta, barritasun legez, Fijin jokatuko da final handia. Aurten, aitatutako zirkuituak, Abu Dhabiko probearen debuta eta Snapper Rocks eta Jeffreys Bay leku ikonikoen itzultzea barrubatuko ditu. Nadia, oraingoz, zirkuitu horretako lehen txapelketan lehiatuko da, Hawaiin, eta proba hori eta, akaso, beste batzuk gehituko jakez berez bere egutegian badagozan Challenger Serieei (WCT baino maila bat beheragoko txapelketak).

2025. urterako World Tourrak denporaldiaren erdiko etenari eusten deutso, hau da, urtea hasi daben surflari asko lehiaketatik kanpo itxiko ditu lehen erdia igarota. Zazpigarren probearen ondoren, txapelketa bakotxean parte hartuko daben surflarien kopurua asko murriztuko da. Denporaldiaren erdian, hasierako 36 horreetatik ondoen sailkatutako 24 gizon geratuko dira lehian eta hasierako 18etatik ondoen sailkatutako 12 emakume.

Nadia Erostarbe WSLtik emon jakon aukerea aprobetxetan saiatuko da Munduko onenakaz lehiatzeko. Pasa dan denporaldian CTrako sailkapena lortzeko oso gitxi faltua izan jakon. Euskal surflaria Saquarema Pro txapelketara heldu zan txartela eskuratzeko aukerakaz (izan be, sailkapena emoten eban azken postuan kokatuta heldu zan txapelketara), baina zoritxarrez lehen kanporaketan jausi egin zan. Halan da be, zarauztarrak denoraldi ikusgarria egin eban, Lacanau Pro txapelketea irabazi eta hirugarren izan baitzan Qualifying Serieetako Rip Curl Pro Anglet txapelketan. Gainera hirugarren postuan amaitu eban birritan (Sydney Surf Pro presented by Bonsoy eta Lexus US Open of Surfing presented by Pacifico txapelketetan) eta beste bi aldiz bosgarren postuan (Bonsoy Gold Coast Pro presented by GWM eta Ballito Pro txapelketetan) Challenger Serieen barruan.

Bestalde, Puerto Ricon egindako ISA Munduko Txapelketa bikainak, laugarren postuan amaituta, bere lehen Joko Olinpikoetan parte hartzeko txartela emon eutson, izan be, bera izan zan sailkapena lortu eban lehen surflaria, azkenean Basque Teameko Janire Gonzalez-Etxabarri eta Andy Criere surflariek be txartela irabazi arren. Teahupooko olatu bildurgarrian Nadia polito ibili zan eta diploma olinpikoa ekarri eban etxera.

Orain Nadia aitzindaria da barriro eta bidean dago, Espainiako lehen emakumea izango da CTn debuta egiten, eta Banzain egingo dau, surflarientzako gune arriskutsuenetako batean, sakonera txikiko arrezife eta olatu esanguratsuak dituana. Haren tenikari Guillermo Gutierrez eta biak alkarregaz dagoz eta oraingoz Aritz Aranburuk etxetik egingo deutso jarraipena. Jokoetarako prestaketan eta Tahitiko lehiaketa olinpikoan alkarregaz izan ziran. Aritz CTn eskarmentu handiko estatuko surflari bakarra da. 2007an sailkatu zan lehen aldiz eta 2013an bigarrenez. Maila goreneko hitzorduetako ezagutza guztia eskainiko deutso Nadiari orain.

Egutegia Challenger Seriak 2025

  • Newcastle, Hegoaldeko Gales Berria, Australia: bagilaren 2tik 8ra.
  • Ballito, KwaZulu-Natal, Hegoafrika: bagilaren 30etik garagarrilaren 6ra.
  • Huntington Beach, Kalifornia, AEB: garagarrilaren 29tik abuztuaren 3ra (US Open: garagarrilaren 26tik abuztuaren 3ra).
  • Ericeira, Portugal: irailaren 29tik urriaren 5era.
  • Saquarema, Rio de Janeiro, Brasil: urriaren 11tik 19ra.

Egutegia WCT 2025

  • Banzai Pipeline, Hawaii, AEB: urtarrilaren 27tik zezeilaren 8ra.
  • Surf Abu Dhabi, Abu Dhabi, UAE: zezeilaren 14tik 16ra.
  • Peniche, Portugal: martiaren 15etik 25era.
  • Punta Roca, El Salvador: apirilaren 2tik 12ra.
  • Bells Beach, Victoria, Australia: apirilaren 18tik 28ra.
  • Snapper Rocks, Queensland, Australia: maiatzaren 3tik 13ra.
  • Margaret River, Western Australia, Australia: maiatzaren 17tik 27ra.
  • Lower Trestles, San Clemente, Kalifornia, AEB: bagilaren 9tik 17ra.
  • Saquarema, Rio de Janeiro, Brazil: bagilaren 21etik 29ra.
  • Jeffreys Bay, South Africa: garagarrilaren 11tik 20ra.
  • Teahupo 'o, Tahiti: abuztuaren 7tik 16ra.
  • WSL Finals – Cloudbreak, Fiji: abuztuaren 27tik irailaren 4ra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu