Gure espeziearen berezitasunaren gaineko begiradea zabaltzea da helburua
2025-01-22 07:57 Kulturea2025eko Darwinen Eguna, zezeilaren 12an.
UPV/EHUko Kultura Zientifikoko KatedrEak eta Zirkulu Eszeptikoak Darwinen Eguna atondu dabe Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Saioan berbaldi bi izango dira, alde batetik, giza espezie ezbardinen bizikidetzea, eta bestetik, altruismo sozialaren jatorria jorratuko dira. Berbaldiotan, eboluzinoa ardatz hartuta, gure espeziearen berezitasunaren gaineko begiradea zabaltzea izango da helburua.
Darwinen Egunari esker Charles Darwin biologo eta geologo ingelesaren jaiotzea gogoratzen dogu. 1809an jaio zan, eta ‘Espezieen jatorria’ liburua eta eboluzinoari buruzko teoria 1859an argitaratu ondoren, historiari lotuta geratu da. Honi esker badakigu izaki bizidun guztiak arbaso komun batengandik gatozela, espezieak denporan zehar aldatzen dirala, horri eboluzioa deitzen jakola, eta hautespen naturala deitzen deutsagun mekanismo baten eraginez jazoten dala.
Hori dala eta, datorren zezeilaren 12an, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian, 18:30ean.
Hizlariak
- Conchi de la Rúa Euskal Herriko Unibersidadeko Antropología Biologikoko katedraduna.
- Ignacio Martínez Alcalako Unibersidadeko Antropología Fisikoko katedraduna.
- Mercedes Velasco Alcalako Unibersidadeko Antropologia Fisikoko doktorea.
Conchi de la Rúak La huella de especies humanas del pasado en nuestro genoma berbaldia emongo dau eta Ignacio Martínezek eta Mercedes Condek, barriz, Primate altruista. Hizlariek gaur egun giza eboluzinoaren arloan egiten dabizan ikerketen emoitzak erakutsiko ditue, horrrei esker, gure espeziearen historia eta gizakien berezko ezaugarri batzuen sorrerea ulertzeko aukerea izango baitogu.
Holan, Conchi de la Rúa UPV/EHUko ikertzaileak azalduko dau DNA fosilaren azterketeari esker jakin dogula joandako denporetan giza espezie ezbardinen arteko hartu-emonak egon zirala. Paleogenomikeari esker, jakina da neandertalak eta denisovarrak orain 40 000 urte inguru, Afrikatik hainbat migrazino-boladaren ondoren Eurasiara heldutako lehen sapiensakaz bizi izan zirala.
Ignacio Martínezek eta Mercedes Condek, Alcalako Unibersidadeko ikertzaileek, biologia ebolutiboan gehien eztabaidatutako gaietako bati ekingo deutse, altruismoaren jatorriari buruz, hain zuzen be. Altruismoa gizakion ezaugarri berezienetako bat da eta haren eboluzino-historia ezagutzea garrantzitsua da gizateria ulertzeko. Altruismoaren jatorriak zerikusi zuzena dau persona kalteberen edo zaurgarrien jagoletzeagaz. Alderdi hori erregistro fosilean aztertu daiteke eta auzi horri buruzko argitasun gehien emoten daben giza fosilak Espainiako aztarnategi bitan agertu dira: Atapuercan (Burgos) eta Cova Negran (Valentzia).
2025eko Darwinen Egunak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntza Sailaren eta El Correo egunkariaren laguntzea dau eta zezeilaren 12an izango da, 18:30ean, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Sartzea doban da aretoa bete arte eta streaming bidez be jarraitu ahal izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!