Bilboko I. Nazinoarteko Lasterketea (10K) martiaren 9an izango da

Bizkaie! 2025-01-21 07:40   Kirola

Proba hori Bilbao Atletismo Santutxu klubak atondu dau Bilboko Udalaren babesari esker.



Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Itxaso Erroteta Gazteria eta Kiroletako zinegotzia Bilbao Atletismo Santutxu klubagaz batera izan dira Bilboko Nazinoarteko 10K lasterketearen lehenengo edizinoaren aurkezpenean. Kirol-proba hori uriko urteko egutegiari gehituko jako eta, aurten, martiaren 9an izango da. Ekitaldiak 2025eko denporaldirako BM Bilbao emakumezkoen taldearen aurkezpena egiteko be balio izan dau, 2024ko erantzun bikainaren ondoren.

I. Bilboko Nazinoarteko (10K) lasterketan izena emoteko epea zabalik dago, federazino-lizentzia daben atleta izan zein ez: helburua runningaz gozetea da. Probearen zirkuitua homologauta dago eta distantzia horretako munduko kirol-erreferentzia handien artean kokatzeko asmoaz sortu da, izan be, ia hamarkada bitan nazinoarteko egutegiko milia ikusgarrienetako bat atontzen eman ondoren, Bilbao Atletismo Santutxu kluba prest dago distantzian gora egin eta atontzeko lanetan dauen esperientzia 10 kilometrora igoteko Arriaga Antzokiaren parean hasiko dan proba honegaz.

Lehenengo edizino honetan, 3.000 personak baino ezin izango dabe parte hartu (edadez nagusiak danak be). Nahi dabenek www.10kbilbao.com webgunearen bidez emon leikie izena, urtarrilaren 31ra arte 17 euroan eta egun horretatik zezeilaren 23ra arte 22 euroan. Klubaren filosofiagaz bat etorriz, 10 kilometrokoaz gan, bestelako probak be egongo dira umeentzat, 18 urtera arteko atletentzat eta ezintasuna daben personentzat. Proba horiek guztiak doakoak izango dira, eta dortsalak aipatutako webgune horretan bertan egongo dira eskuragarri.

Juan Mari Aburto alkateak ekitaldiak urirako dauen garrantzia azpimarratu dau: ibilbidea laua eta azkarra izango da, RFEAk eta Word Athleticsek homologautakoa; Bilboko puntu enblematikoetatik igaroko da, eta estaduko atleta nagusiak eta munduko atleta onenetako batzuk batuko ditu.

Ekitaldiak 2025eko denporaldirako BM Bilbao emakumezkoen taldearen aurkezpena egiteko be balio izan dau. Taldeak erantzun bikaina handia izan eban 2024an, besteak beste, titulu honeek irabazita: brontzea Europako Kross Txapelketan (Portugal), Espainiako 10 kilometroko txapeldunak (Alacant), Espainiako maratoi erdiko txapeldunak (Albacete), Espainiako Kross txapeldunak (Sevilla), Euskadiko Kross txapeldunak (Gasteiz) eta Bizkaiko Kross txapeldunak (Loiu). Horrezaz gan, taldeko atleta bi herrialdekako Europako Kross Txapelketan parte hartzeko hautau zituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu