Aurten batutako dirua Eleizalde Ikastolako Gela Egonkorrerako izango da

Bizkaie! 2025-01-21 08:10   Kirola

Domekan, urtarrilaren 26an, izango da Bermeoko XIX. Herri Lasterketea.

Bermeoko Udalaren Kirol Sailak eta Taraska Gazte-Zahar taldeak atonduta, domekan, urtarrilaren 26an, Bermeoko XIX. Herri Lasterketea egingo da. Lasterketa nagusia 11:00etan hasiko da eta gitxi gorabehera 8 kilometro izango ditu.

Herri Lasterketea Bermeoko herritar guztiei zuzendutako kirol jarduerea da, edozeinek parte hartu leike. Herrian danok batera korrika egiteko aukera ederra eskaintzen dauen lasterketea dala dino Xabier Ortuzar Butron Kirol Saileko zinegotziak eta azpimarratu dau lasterketeak ez dauela konpetizino helbururik, herrikoia eta soziala dalako.

Herri Lasterketearen helburuak ondokoak dira: herritarrak kirol jardueraz sensibilizetea, osasuna eta kirolaren arteko hartu-emonak sustatzea, kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentidutea, kirola herritarrei hurreratu, kirola ez dala federatuen gauzea bakarrik nabarmendu eta aurreko urteetako lasterketei jarraipena emotea, korrikalarien artean erantzun ezin hobea izan dauelako.

Taraska Gazte-Zahar taldeko kide Ana Uriartek emon ditu Herri Lasterketearen zehetasunak:

  • Umeak (3-6 urte): 100 metro, 12:40an hasita.
  • Txikiak (7-10 urte): 800 metro, 12:10ean hasita.
  • Gazteak (11-14): 1.500 metro, 12:00etan hasita. Edade tarte honetako gazteek lasterketa nagusian parte hartu leikie, persona nagusi baten ardurapean.
  • Helduak (14tik gora): Gitxi gorabehera 8 kilometro, 11:00etan hasita.

Lasterketa nagusiaren ibilbidea honakoa izango da: Lamera parkea, Kai bidea, Artzako biribilgunea, Erroxape kaia, Artzako biribilgunea, Nardiz tar benanzio, Uhinurrategia, Nardiz tar benanzio, Arrantzaleen Kofradia, Arostegi, Nardiz tar Jon, Barbara Deuna, Intxausti, Arana tar Sabinen enparantza, Bidebarrieta, Talakoetxea, Baztarre, Aurrekoetxea, Irakaskintza, Ongintza, Tala, Tonpoia, Talako Andra Mari, Kanposantua, Aritzatxu Bidea, Matxitxako Bidea, Bide Gorri, Kiroldegia, Landabaso industriagunea, Bizkaiko Jaurerria, Intxausti, Arana tar Sabinen enparantza, Arostegi eta Lamera parkea.

Nagusien lasterketea, 11:00etan hasi eta 12:00ak ingurura arte izango dala aurreikusi dabe eta, beraz, ordu tarte horretan, korrikalariak errespetetako, ibilgailuak ahalik eta gitxien erabiltea eskatzen da.

XIX. Herri Lasterketan parte hartu gura dabenek Bermeoko Areneko kiroldegian izena emon behar dabe eta umeek ikastetxeetan izena emoteko aukerea dabe. Lasterketa egunean be izena emoteko aukerea egongo da 10:30ak arte baina atontzaileen lana errazteko, egunak lehenago izena emotea eskertzen dabe. Ume, txiki eta gazteek euro bat ordaindu beharko dabe eta nagusiek, barriz, euro bi. Aurten, Herri Lasterketan batzen dan dirua Eleizalde Ikastolako Gela Egonkorrak jasoko dau, gelako ikasleen artean kirol praktikak sustatzeko helburuz.

Korrikalari bakotxari bere dorsala emongo jako izena emoten dauenean, lasterketa egunean eraman beharko dauena. Ume, txiki eta gazteek ikastetxeetan jasoko ditue dorsalak.

Lasterketea amaitzen danean, parte-hartzaileek BM supermerkatuak etxeak atondutako opari poltsa bana jasoko dabe eta Bermeoprinten opariak be emongo dira. Horrezaz gan, aurreko urteetan lez, korrikalariek dutxetako aukerea izango dabe Areneko kiroldegian eta Artza Frontoian.

XIX. Herri Lasterketearen garapen zuzena eta segurtasuna bermatzeko honako honeek egingo dute lan: Taraska Gazte-Zahar taldea, Izaro Bikers Moto alkartea, Bermeoko Kirol, Zerbitzu eta Udaltzaingo saila, Herri Babesa, herriko boluntarioak eta Gurutze Gorria. Era berean, lasterketearen laguntzaileak dira: Kutxabank, BM supermerkatuak, Festak.com, Bermeoprint, San Frantzisko Herri Ikastetxea, Sagrado Corazón ikastetxea, Eleizalde Ikastolea eta Bermeoko Institutua.

Umeak, gazteak eta nagusiak kontuan hartuta, 701 korrikalari (336 neska eta 365 mutil) batu zituan Bermeoko XVIII. Herri Lasterketak. Igaz, 900 euro batu ziran eta Bermeoko Institutuko gela egonkorrera bideratu ziran, umeen artean kirol ohitura osasuntsuen sustapenerako.

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk herritar guztiak animau ditu XIX. Herri Lasterketan parte hartu eta kirola eginez ondo pasau deien. Era berean, atontze lanetan gogor sabizen atontzaile zein boluntarioen lana eskertu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu