Oreka TX taldeak 'Babes' aurkeztu dau Artium Museoan

Bizkaie! 2025-01-20 07:57   Kulturea

Familientzako hilean behingo Amarauna programearen barruan.

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, musikea eta ahotsa batzen dituan Amarauna ikuskizun eszenikoa aurkeztu dau astegoienean Oreka TX taldearen eskutik. Proposamena familientzako hileroko Amarauna programearen barruan kokatzen da, heldu bategaz baterak datozen 4 urtetik gorako umeentzat pentsauta. Hileko hirugarren zapaturo egiten dan programa honek beste lau ikuskizun eskainiko ditu urteko lehen seihilekoan, jantzea, musikea eta berbea protagonista dirala. Amarauna programako jarduera guztiak doban dira eta komenigarria da aldez aurretik izena emotea 945 20 90 20 telefonoan (erreserbak jarduerea hasi baino 10 minutu lehenagora arte gordeko dira).

Urtarrilaren 18an ekin eutsen familientzako Amarauna ekimenaren 2025eko programazinoari, Babes ikuskizunagaz. Musikea eta ahotsa alkartzen dituan ikuskizun eszenikoa igaz estreinau eban Oreka TX taldeak. Txalapartea bere nortasun-ikur bihurtu dauen banda honek hasieratik gura izan dau beste diziplina artistiko batzuekaz esperimentau eta ikuskizunak eregitea, esate baterako jantzeagaz, zirkoagaz, ikus-entzunezkoakaz, herri-kirolakaz edo uniberso iradokitzaileak sortzeko inspiretan dituen beste elementu batzuekaz.

Babesen, gainera, eremu berezian sartu dira, lehen umezaroari zuzendutako proposamen eszeniko bategaz, ikuskizun intimo eta erakargarri bati bizia emonez. Umeek xehetasun, keinu, soinu eta mobimentu bakotxa xurgatzeko daben gaitasuna kontuan hartuta, Oreka TXek fintasun eta sensibilidade handiko atmosferea sortu dau Babesen, soinu, material eta proposamenak batzen dituana, irudimenerako estimulu eta ikusle txikienentzako olgetearen iradokitzaile izango diranak.

Amarauna

Oreka TXen ikuskizunaz gan, familientzako Amarauna programan beste lau saio aurreikusi ditue zezeilerako, martirako, maiatzerako eta bagilerako: hariak, jostorratzak eta zauriak narrazino dramatizatua, Mireia Delgado pedagogo eta antropologoaren eskutik; SABLEak musikea eta ahots ikuskizuna, Ipar Euskal Herriko Kiribil konpainiak proponiduten deuskun umezarorako bidaia; Naita kontu eta kanta, Naita Antzerki Taldearen kontzertu animatua; eta Mover el común, mobimentuan dagoan gorputzaren inguruko ikerketa-ariketea, taldean jantzan egiteko Baiven Kolektiboak dinamizautako topaketea. Bost jarduera danetara, Babesegaz batera, esperientzia artistiko konpartidutakoaz familiartean gozetako. Udako geldialdiaren ondoren, irailean bueltauko da Amarauna urtearen amaierara arte.

Egitaraua

Zezeilaren 15ean, 17:00etan, Hariak, jostorratzak eta zauriak. Mireia Delgado. Ipuin kontakizuna.

Martiaren 15ean, 17:00etan, SABLEak. Kiribil Konpainia. Musikea eta ahotsa alkartzen dituan antzerki-ikuskizuna.

Maiatzaren 17an, 17:00etan, Naita kontu eta kanta. Naita Antzerki Taldea. Kontzertua.

Bagilaren 14an, 17:00etan, Mover el común. Baiven kolektiboa. Alkarregaz jantzan egiteko topaketea

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu