Guggenheim Bilbao Museoak asmo handiko programazinoa aurkeztu dau 2025erako
2025-01-17 13:25 KultureaDatorren urtean hamaika erakusketa izango dira Bilbon.
Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusiak eta Lekha Hileman Waitoller, Geaninne Gutiérrez-Guimarães, Marta Blàvia eta Manuel Cirauquik osotzen daben Museoko arte-arduradunen taldeak emon ditue azalpenak prentsaurream.
2025erako erakusketen egutegia zezeilaren erdialdean hasiko da Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz atzerabegirakoaga. Erakusketeak artistearen produkzino emonkorra aztertuko dau, hogeiko hamarkadatik hirurogeikora arte. Zezeilean Budapesteko paper gaineko maisulanak inaugurauko da, Hungariako uriburuko Arte Ederren Museoko bildumea osotzen daben zazpi mendetako marrazkiak eta grabatuak batzen dituan artelan-hautaketea. Udabarrian in situ ziklo barriari emongo jako hasierea: artista garaikideen asmo handiko proiektuak aurkeztuko dira bertan, Museoko guneetarako propio sortuak eraikinaren arkitekturea aktibetako edo haren barruko areto ikonikoen ezaugarri bereziakaz harmonian ezartzeko helburuz. Zikloak hartuko dauen lehenengo artistea Refik Anadol izango da, nazinoartean ospe nabarmena dauen bideo-artista eta adimen artifizialaren estetikearen aitzindaria (laguntzailea: Euskaltel); ondoren, Mark Leckey artistearen txandea izango da udagoienaren amaieran; azken horri eskainitako erakusketeak haren lanean buztartzen diran iturrien ugaritasuna jorratuko dau, besteak beste, soinua, eskulturea eta performancea.
Apirilean, Helen Frankenthaler: Araurik gabe margotzen (babeslea: BBVA Fundazioa) erakusketeak margolariak pinturaz eban ikuspegi iraultzailea aztertuko dau. Bertan, Frankenthalerrek 1953 eta 2002 artean sortutako hogeitamar margolan inguru aurkeztuko dira, beste artista garaikide batzuen margolan eta eskulturakaz hartu-emonetan. Bagilean Barbara Kruger (babeslea: Occident) erakusketea helduko da, artista estadubatuarraren azken produkzinoan oinarritua; bisitariak testuz betetako inguruneetan sartzen dituen kokapen zehatzeko instalazinoen bidez, erakustaldiak nabarmenduko dau sortzaileak testuinguru arkitektoniko askotan lan egiteko dituan pasinoa eta trebetasuna. Udagoienean, Maria Helena Vieira da Silvaren forma abstraktuek eta ilusino optikoek hartuko dabe Museoa. Abenduan, barriz, Museoak ingurumen-jasangarritasunaren aurrean dauen konpromisoaren harian, Lurraren arteak (babeslea: Iberdrola) aurkeztuko da, azken hamarkadetan ingurumenari lotutako gaiak jorratu izan dituan artearen barrirakurketea planteetan dauen erakusketea. Film & Video zikloaren barruan, aldiz, Vito Acconcik bideoaren eta performancearen arloan egindako lanaren ibilbide subjektiboa jarriko da ikusgai Sergio Prego euskal artisteak diseinautako eszenografian. Ziklo horretan Sky Hopinkaren Korde gabe pieza be aurkeztuko da eta hor bizirik dagozan kultura indigenen aurreko sormen-konexinoa esploretan dau egileak.
Azkenik, hirugarren pisuan, BBK babesle dauen Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak erakusketaz gozau ahal izango da. 2025eko udagoienean, Rodenstock Bildumako lanen aukeraketa bat aurkeztuko da epe luzerako maileguan.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!