Emakumeak Zientzian 2025: jarduera txikiak, aldaketa handiak
2025-01-17 08:00 KultureaHogeita hamabost euskal erakundek bat egin dabe Emakumeak Zientzian proiektuagaz.
Hogeita hamabost euskal erakundek bat egin dabe Emakumeak Zientzian proiektuagaz, eta, holan, ekimenaren helburuen aurreko konpromisoa berretsiko dabe: zientzian dabizen emakumeen lana ikusarazotea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua diralako ustea indarrik barik ixtea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hautatu deiezan sustatzea. Helburu horreek kontuan hartuta, erakundeek indarrak batu ditue jarduera-programa bat alkarregaz atontzeko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Eguna dala eta (zezeilaren 11n izaten da urtero).
Emakumeak Zientzian urtetik urtera hazten eta indartzen doan proiektua da, eta, ekimenaren helburu nagusiak beteteaz gan, hausnarketa sakona egiten dau egoera zientifiko-teknologikoa behar bezela aldatzen laguntzeko. Holan, aurten, Hazia erein / Siembra la semilla kontzeptua nabarmendu eta azpimarratu nahi dogu ekintza txiki bakotxak markau leikela aldea zientzian bardintasuna lortzeko bidean, adierazo dabe Emakumeak Zientzian proiektuaren atontzaileek: uste dogu hitzaldi, tailer edo historia konpartidu bakotxak belaunaldi barriak inspiretak gaitasuna dauela, eta urtean aste bakar batetik harago doan aldaketea ereiteko ahalmena dauela, gehitu dabe. Hori guztia bideo batean islatuko da, eta helburua da aldaketearen alde lan egiten daben benetako ahotsak publikoari hurreratzea, genero-bardintasunari eta erreferente femeninoen zereginari balioa emotea: transformazino-hazi txiki horreen garrantzia hurretik izan daben personek —ikertzaileak, irakasleak, ikasleak, ikerketa-zentroetako bardintasun-arduradunak eta erakunde publikoetako ordezkariak— emondako lekukotasuna jasoten dau bideoak, eta eguneroko ekintzek etorkizun bidezkoago bat ereguteko daben gaitasunari buruz hausnartzera konbidatzen ditu, gehitu dabe Emakumeak Zientzian proiektuko kideek.
Zezeilaren 7tik 14ra egingo dira Emakumeak Zientzian 2025 ekimeneko jarduerak. 60 ekintza baino gehiagoko programa zabala eta askotarikoa diseinau dabe, jarduera kolektibo txikiek, denporan zehar irauten dabenek, eragin eraldatzailea sortzen dabela azpimarratzeko: zientzialari baten lanetik hasi eta neskato batengan pizten dan jakin-minaren txinpartaraino, ekarpen bakotxa aldaketa erreal, sakon eta jasangarri bat elikatzen dauen hazia da, gaineratu dabe Emakumeak Zientzian ekimenaren atontzaileek.
Aurten be, jai-giroan hasiko da Emakumeak Zientzian, zezeilaren 6an, Bilbon. Bertan, bideo hori aurkeztuko da, testigantza gehiago konpartidu eta boluntario guztiak eta erakunde batzuetako ordezkariak batuko dira. Ekitaldi horretan, Maitena Salinasek Emakumek Zientzian ekimenaren hazia zelan sortzen dan erakutsiko dau, hainbat eragileren parte-hartzeagaz. Egun horretatik aurrera, edade guztietako jentearentzako jarduerak egingo dira. Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur zientzia-ekitaldiak hainbat ikerketa-arlotan lan egiten daben emakumezko zientzialariak batuko ditu. Profesional horreek eszenatokira igon eta euren proiektuen xehetasunak alkarbanatu eta historiako emakume zientzialari handienetako batzuk omentzea da asmoa, hareen bizitza magikoak eta lorpen zientifikoak kontatuz. Ikasleek ikerketa-zentroetara egiten dituen bisitez eta tailerrez gan, aurten Eskolara itzulerea jarduerea egingo dabe. 60 emakume ikertzaile baino gehiago joango dira ikastetxeetako ikasgeletara beren esperientziak kontetan eta ikasleen artean bokazino zientifikoa pizten laguntzen.
Aldi berean, kolektibo espezifikoakaz lanean jarraituko da —55 urtetik gorako emakumeakaz, esaterako—, eta emakume heldu horreek kulturearen transmisinoan daben zeregina nabarmenduko da. Testuinguru horretan, Esperientziaren boterea izenburuko jarduereari esker, zortzi ikerketa-zentrok ateak edegiko ditue beren lana erakusteko, esperimentu sinple eta erreplikagarrien bidez, zientzia familietara eta ingurunera hurreratuz. Era berean, mahai-inguruak, gaikako tailerrak eta bestelakoak atonduko dira.
Jarduera-programea gaurtik aurrera egongo da eskuragarri www.emakumeakzientzian.eus webgunean, eta dagoeneko edegita dago jardueretan izena emoteko epea.
Emakumeak Zientzian ekimenak Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Donostiako Sustapena, Bilbao Ekintza, Salto System, Basque Research; Technology Alliance (BRTA) aliantzearen eta Ikerbasquen laguntza berezia jaso dau; baita honako erakunde eta organismo honeen laguntzea be: Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusia (CSIC), Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazinoa (FECYT), Estaduko Ikerketa Agentzia ekimenari atxikitako Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez, Euskadiko Filmoteka eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Biook, Skills4Science eta Laboratorium Bergara, Emakunde, Lemniksata eta UPV/EHUko Bardintasunerako Zuzendaritzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!