Angelica Dass artisteak ‘Sustrairik gabeko zuhaitzak ez du aurrera egiten’ erakusketea aurkeztu dau

Bizkaie! 2025-01-16 09:52   Kulturea

Itsasmuseumean ikusgai, martiaren 7ra arte.

Jon Ruigomez Matxin Itsasmuseum Bilbaoko zuzendariak, Iñigo Zubizarreta Bilboko Udaleko Giza Eskubideen, Bizikidetzearen, Lankidetzearen eta Kulturartekotasunaren arloko zinegotziak eta Angelica Dass argazkilari eta aktibistak Sustrairik gabeko zuhaitzak ez du aurrera egiten erakusketea aurkeztu dabe Carol Iglesias Espazioan.

Erakusketea Angélica Dass argazkilari espainiar-brasildarrak gidatutako proiektu bizi eta hunkigarri baten emoitzea da eta Bilboko Udalaren laguntzinoa dauka. Berton, Bilboko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Batxilergoko sei ikastetxe publikotako 196 ikaslek hartu dabe parte: IES Ibarrekolanda, IES Txurdinaga Behekoa BHI, Otxarkoaga Heziketa Zentroa, IES Martín Bertendona BHI, IES Miguel de Unamuno eta IES Artabe.

Ikasleek migrazino-fenomenoaren ikerketean sakondu dabe gure historia partekatuaren funtsezko zati bezela, memoria eta kontakizun personaletan, familia-albumetan eta artxiboetan oinarritutako migrazino-zugatz genealogikoa sortuz.

Artisteak 300 erretratu irudi baino gehiago, haren historiaren kontakizunak eta objektu adierazgarrien argazkiak batzen dituan murala aurkeztu dau.

Parte hartzea bultzatzeko eta denpora errealean pieza kolektibo bat sortzeko pentsautako horma interaktibo batek bisitariak euren migrazino-historia partekatzera konbidaduten ditu. Aretoan egiteaz gan, online be zabaldu ahal izango dabe #gurezuhaitza erakusketearen etiketea erabiliz.

Mapa eta grafiko batzuek Bilboko atzoko eta gaurko komunidade migratzaileen jatorria adierazoten dabe. Horreekaz batera, erakusketeak hainbat generotako migrazinoari buruzko liburuak publikoaren eskura jarten ditu aretoan konsultetako belaunaldien arteko topaketea, hausnarketea eta elkarrizketarako txoko bihurtzeko asmoz.

Migrazinoa, giza izaeraren ezaugarri bat

Ikuspegi artistikoak, alde batetik, migrazinoa fenomeno sozial bat soilik ez dala, giza izaeraren berezko ezaugarri bat baizik gogoetea egitera konbidaduten dau eta, bestetik, hartu-emon ludikoa sustatu nahi da, gure migrazino-istorioak eta erakusketean adierazotakoak topa eta lotu daitezan.

Obra kolektibo eta diziplina anitzeko horren helburua, elementu komunak identifikatzea eta migrazinoa eta kultura-aniztasuna giza izaerearen eta komunidade-bizitzearen berezko dirala adierazotea da.
Sustrairik gabeko zuhaitzak ez du aurrera egiten – Un árbol sin raíces no prospera ekimena La Caixa Fundazinoaren Art for Change deialdiaren barruan sortu da, artea eta kulturea aldaketarako eragile bezela bultzatzeko eta gai unibersalak jorratzen ditu, esaterako, migrazinoa, bardintasuna eta aniztasuna.

Angelica Dass

Rio de Janeiron jaioa, Angélica Dass argazkilari eta aktibista saritua da, inklusionoagaz eta bardintasunagaz konprometidua, eta, artearen bitartez, identidadeari, aurreretxi eta kultura-aniztasunari buruzko gaiak jorratzen ditu.

Haren lana artearen eta gizarte-konzientziaren arteko alkargunean dago eta argazkigintzea ikerketa soziologikoagaz eta mundu osoko giza eskubideen aldeko parte-hartze publikoagaz konbinaduten dau.

Nazinoartean ezaguna dan Humanae proiektuaren sortzailea da, giza kolorearen edertasunaren aniztasuna erakusten daben erretratuen bildumea eta arrazakeriaren kontrako testigantza global aparta bihurtu dana.

Haren lanak Munduko Ekonomia Foroan (Davos), Nazino Batuen III. Habidadean, Montrealgo Arte Ederren Museoan, Hagako Museoan, Lausanako L 'Élysée Museoan, Etiopiako Museo Nazinonalean, Gewerbemuseum Winterthur museoan, Dublingo Science Gallery museoan, PhotoEspañan, New Yorkeko American Museum of Natural Historyn, Fotografiskan; Madrilgo, Bilboko, Chiassoko, Zagrebeko, Milango, Salonikako, São Pauloko, Mexikoko, Austriako, Txileko Santiagoko, Pitingtsburgeko eta Txileko kaleetan eta museoetan erakutsi dira.

Angélicaren lanak museoak baino gehiago dira eta munduko hainbat lekutako ikasgeletan topetan dau argazkilaritzea arrazakeriaren kontrako tresna bezela erabiltzeko uniberso handi bat.

Testuinguru horretan, 2021ean The Colors We Share umeentzako argazki-liburua argitarau eban Aperture argitaletxeagaz. Ganera, New Yorkeko eskola publiko guztietan erabiltzen dan hezkuntza-gidea be egin dau.

Kontuak kontu, erakusketea Carol Iglesias Espazioan egongo da edegita 2025eko martiaren 7ra arte eta sartzea doban da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu