3.650 egun. Hamar urte. Hamarkada bat

Bizkaie! 2025-01-16 08:35   Kulturea

Bergarako Laboratorium Museoa, 10 urte zientziari ateak zabaltzen.

10 urte zientziari ateak zabaltzen lelopean ospatuko da urteurrena. Hori baita, Laboratorium Museoak, hasieratik, egin dauena: gizarteari eta bisitariei zientziaren unibersoko ateak parez pare zabaldu. Zientzia gizartera hurreratu eta gizartea zientzian sartu. Horretan jarraituko dau museoak aurrerantzean be. Irudi barrituagaz dator, gainera, hamar urte ez baitira egunero beteten. Zientzia eta gizarteratzea sustraietan. Kontzeptualizazino horretatik eratorten da irudi barria. Laboratorium Museoaren azal barriak, museoa zer dan ondo jasoten dau. Iruditegi barrian islatuta dago guztia. Euskal Herriko zientziaren dibulgazinorako topagune Nagusia da.

Bergarako Udalaren Laboratorium Museoa alkarlan eta sinergien emoitzea da; holan hasi zan eta horretan jarraitzen dau gaur be. Besteen artean, Euskalerriaren Adiskideen Alkartea, Euskal Herriko Unibersidadeko Kimika Fakultadea, Donostia International Physics Center (DIPC), UNED Bergara, Miguel Altuna Lanbide Heziketa, Euskal Herriko Unibersidadeko Ilustrazino zientifikoa edota Emakumeak Zientzian egitasmoa ditu bidelagun.

Urte osoko programa

Bisita gidatuak, erakusketa bereziak, tailerrak, mahai-inguruak, aurkezpenak, hezkuntza eskaintza barraitzailea, udako eskaintzea, musikea, jantzak eta berbaldiak, danetarik urtarriletik abendura. Urtarrilean eta zezeileann egingo dira lehen ekitaldiak, besteak beste, taula periodikoaren erakusketea, erakusketa iraunkorra eta Black Boxa. Urtarrilean egingo da zelula transgenikoak sortzeko tailerra, zapatu honetan hain zuzen be, 11:00etatik aurrera.

Izen-emotea zabalik dago (laboratorium@bergara.eus edo 943 76 90 03). Adimen artifizialaren mahai-ingurua eta emakume zientzialarien jardunaldiak be egingo dira zezeilean.

Jarraian, martian, balearen modulua iragarri dabe, modulu hau iraunkorra bilakatuko da museoan. Balearen eskeletoaren digitalizazinoa, Fernando Baptistagaz, National Geographiceko ilustratzaileagaz eta Aquariumagaz alkarlanean landu da. Eta, holan, hilero-hilero jarduera bereziak izango dira protagonista:

Gaurtik hasita Laboratorium Sekretua atari digitala be ipini da martxan. Museoan topau daitekezan fisika eta kimika instrumentuei buruzko plataforma digitala. Potentzial didaktiko handiko olgetea, zientziaren historia ezagutzeko baliogarria. Laboratorium Sekretua museoetako digitalizazinoan mugarria izango da. Erabiltzaileek museoan bertan dagoan piezak ezagutu ahal izango ditue olgetearen bitartez eta, aldi berean, zientziaren historiara hurreratu. Atari digitala bisitau hemen

Laboratorium Museoa

Euskaltzaletasuna eta unibersaltasuna. Ekintzailetzea eta ezagutzea. Eraginkortasuna, gizartegintzea eta jakinmina. Aurrerabidea. Hori eta gehiago da Errekalde Jauregian kokatutako museoa. Euskal Herriko zientziaren erdiguneetako bat da, ondarea batu, jagon, ikertu eta ezagutzera emoten dauena. Zientzia bildumen, kimikearen, fisikearen zein zoologiaren bitartez.

Hezkuntza zentroak, umeak, gazteak, helduak zein familiak ditu egun bisitari. Erakusketak, programak, urteerak, tailerrak, udalekuak, eta bestelakoak. Helburua, gozamenaren bitartez zientziaren munduan sartzea gizartea. Zientziaren mundua hurretik ezagutzea eta transmisinoaren bitartekari bilakatzea. Erakusketa, bisita gidatu eta ekimen zehatzen bitartez.

Laboratorium Museoak Historic Site izentapena be jaso dau European Physical Society-ren eskutik. Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeari esker, 2018an Laboratorium Museoa Europako zientziaren arloan kokartuz. Estaduan autorpena jaso duen hirugarren lekua. Izentapenean museoak eta Bergarako altxorrak nabarmendu zituen, bertan dagoan ondare material eta inmateriala handia.

Bergara eta zientzia

Bergara eta zientzia eskutik doaz. XVIII. mendetik, gitxienez, barrikuntzearen alde egin da Bergaran. Europan zabaltzen ziran bide eta idea barriakaz bat egiteko nahia eta adorea izan dau beti Bergarak. Orain 250 urte, ilustratu talde batek proiektu barri bati ekin eutson, aurrerago Wolframa topetako aukerea emongo ebana. Eta holan sortu zan hezkuntza eta ikerketa zentroa, Errege Seminarioa, mende bitan lurraldearen modernizazinoa bultzatu ebana. Wolframa topaetea upealakoa izan zan, gogoan hartuta, hori izan dala Euskal Herrian, historian, topautako elementu kimiko bakarra. Elhuyar anaiek topau eben, 1783an lortu eben wolframa isolatzea. Eta wolfram izena emon eutsen materia horretatik sortu zalako. Mundu mailan entzute handiko topakuntzea izan zan. Erabilpen estrategiko handiko elementua da.

Horrezaz gan, garai haretan, beste aurkikuntza garrantzitsu bat be lortu zan Bergaran: platinoaren purifikazinoa. Pierre François Chavenauk, irakasle eta ikertzaile frantsesak, platinoaren erabilpenak iragarri zituen.

Laboratorium Museoak, jakintza eta barrikuntzea bultzatzeko bere ahaleginean, gizarteari teknologia aurreratuen eta etika arloko hausnarketearen inguruko ikuspegi zabala eskaintzen jarraitzen dabil, izan be, museo hau ezagutza eta barrikuntzearen motorra da. Historian zehar izandako ekarpen horreek gogoratuz, etorkizunera begira jarraitzen dau, gizarte hobe eta jakintsuago baten alde lanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu