Bilbo Matematikaren erdigune
2025-01-14 07:45 KultureaUrtarrilaren 17ra arte, nazinoarteko 487 gazte batuko dira, EHU erakunde anfitrioia izanik.
Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) eta Real Sociedad Matematica Española (RSME) erakundeen eskutik, Kontxi Claver zinegotziak biltzarrari hasierea emoteko ekitaldian azpimarratu dauenez, ohorea da sentidutea Bilbo erreferentzia dala eta gazterian eta haren talentuaren bermea dogula, aurrerapenaren, garapen ekonomikoaren eta barrikuntzaren eragile legez.
RSMEren Ikertzaile Gazteen VII. Kongresua lehen aldiz egingo da Bilbon urtarrilaren 17ra arte. Euskal Herriko Unibersidadea (UPV/EHU) erakunde anfitrioia da, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) erakundeagaz eta Espainiako Matematika Alkarteagaz (RSME) batera atondutakoa. Kongresuak nazinoarteko 487 ikertzaile gazte batzen ditu urian, Bizkaia Aretoan eta Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultadean egindako jardunaldietan.
Kongresuak zazpi osoko bilkura ditu, eta hurrengo honeek izango dira saioetako gidariak: Jon Asier Barcena Petisco (UPV/EHU), Robert Cardona (Bartzelonako Unibersidadea), Marina Leal Palazón (Miguel Hernández Unibersidadea), Javier Álvarez Liébana (Madrilgo Unibersidade Konplutentsea), María Cumplido (Sevillako Unibersidadea) eta María Inés de Frutos Fernández (University of Bonn). Era berean, 38 saio paralelo atondu ditue, 366 berbaldi eta matematikaren ia adar guztiak hartzen dituen 22 poster barrubatzen dituen saio bat: aljebra (AL), analisi matematikoa (AM), datu-zientzia (CD), geometria eta topologia (GT), matematika aplikatua (MA) eta beste gai batzuk (OT).
Bertsomatikak
Horri guztiari matematika eta bertsolaritzearen tradizinoa buztartzen dituan jarduera berezi bat gehitzen jako, Bertsomatikak, hain zuzen be. Ekimen hau Bilboko Bidebarrieta Liburutegian egingo da eta euskal ahozko poesiaren eta matematikaren arteko lehen mailako topagunea izatea da asmoa. Horretarako, Kiko Dr. Hipotenusa Belchí, Mª Ángeles García Ferrero eta Álvaro Lozano Rojoren hiru dibulgazino-berbaldi izango dira, baita izen handiko bertsolari bi be: Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal.
RSMEren Ikertzaile Gazteen Kongresua urte birik behin egiten da eta bertan Espainiako komunidade matematikoagaz loturea daben mundu osoko ikertzaileak euren azken emoitzak konpartiduteko, eta batez be, etorkizuneko komunidade matematikoa osotuko dabenakaz hartu-emonak sortu nahiz alkarlanerako sareak ehuntzeko batzen dira.
Saio eta berbaldi guztien ordutegia eta lekua konsultau hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!