Eduardo Chillidaren mendeurrenak 85.000 bisita baino gehiago izan ditu

Bizkaie! 2025-01-13 12:19   Kulturea

2023an baino % 42 gehiago.

2024ko urtarrilaren 10ean 100 urte bete ziran Eduardo Chillida jaio zala, XX. mendeko artistarik unibersal eta sarituenetako bat. Haren figurea ospatzeko, Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazinoak, Kultura Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Hernani eta Donostiako udalen babesari esker, Eduardo Chillida 100. Topalekua izeneko gomutarako jardueren programa berezia bultzatu du. Eskultorearen irudia nazinoko zein nazinoarteko hainbat uritara eroan dau, haren obra eta ondarea zabaltzen lagunduz.

Berrogeita hamar jarduera baino gehiago egin dira 2024an, Eduardo Chillidaren lana ospatzeko eta zabaltzeko, Espainian zein atzerrian, haren obrea ez eze, haren balioak, sensibilidadea eta arte garaikidearen historiari egindako ekarpenak zabaltzeko. Mendeurreneko diziplina anitzeko programa erakusketek, kontzertuek, arte eszenikoek, ikus-entzunezko proiektuek, hezkuntza-jarduerek eta argitalpenek osotu dabe, besteak beste, eta miloe erdi persona baino gehiago batu dira ospakizunaren lehen urtean:

Atondutako jardueretan parte hartu izanari buruzko datuek erakusten dabenez, hainbat erakundetatik lortu dogu mendeurrena topaleku bat izatea, obreagaz eta haren balio unibersalakaz, baina baita haren lanak herri honen eraikuntza sozialean hainbesteko garrantzia izan eban momentuetan izan eban eraginagaz be, dino Luis Chillidak, eskultorearen semeak eta Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazioko buruak; Eduardo Chillidaren jaiotzearen efemeridearen ospakizuna hasiera-hasieratik sortu da bizirik dagoan zeozer bezela eta horregaitik organikoki sortu dira azken urteko jarduera asko ospakizunagaz bat egin daben erakundeetatik.

Ia hogei erakusketa Chillida ospatzeko

Austriatik Txileraino, Italiatik pasau eta Euskal Herria erdigune nagusitzat hartuz, mendeurrenak ia hogei erakusketa izan ditu orain arte programazinoan. Erakusketa horreei esker, euskal artistearen ibilbide aitagarria ezagutzera emon ahal izan da, baita haren obreari buruzko hurreraketak eskaini be, beste artista edo sortzaile batzuekaz izandako alkarrizketatik abiatuta.

Mendeurrena 2025ean

2025ean euskal artisteari buruzko beste jarduera eta erakusketa batzuk aurreikusi dira: Harri, Lurra, Huts Chillida Lekun, zezeilean inaugurauko dana eta Eduardo Chillidaren uniberso materikoa
aztertzen dauena; Chillida. Mistika eta materia Valladolideko Eskultura Museo Nazionalean, inaugurazinoa maiatzean; Jesus Uriarte. Chillida Lanean ibiltaritzea Espainiak Alemanian dauen enbaxadan (bagilean inaugurauko da) edo Chillida Convergence atzerabegirakoa Kaliforniako San Diego Art Museumen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu