Bilbok «iF Design Student Award 2025» Zeremonia hartuko dau bagilean
2025-01-13 11:03 KultureaBilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen babesari esker.
Zeremonia Bilboko Guggenheim Museoan egingo da eta iF Designek eta EIDE Euskal Diseinuaren Alkarteak atonduko dabe Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen babesari esker.
iF Designek –erreferentziazko erakundea da nazinoarte mailan eta profesionalentzako diseinuko munduko saririk ospetsuenetako baten atontzailea– eta EIDEk lankidetza-hitzarmen bat sinatu eben 2024an, aitatu sarien zeremonia Euskadin egiteko oinarriak ezarri baitzituan eta, era berean, tokiko diseinuaren industria, jardunbide egokiak eta kulturea nazinoarte mailan sustatzeko komunikazinoa, informazino trukaketea eta lorpenak bultzatzeko konpromisoa hartu eben, lehiakortasunerako tresna indartsua izanik.
Gauzak holan dirala, iF Designek EIDEren laguntzea izango dau 2025eko bagilaren 20an Bilboko Guggenheim Museoan sariak emoteko egingo dan zeremonia atontzeko eta Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzea be izango dau. Erakunde horreek, izan be, konpartidu eta bere egiten dabe kultur eta sormenezko industriak, diseinua, talentu gaztea eta GIHregaz dan konpromisoa sustatzeko helburua.
Gitxi gorabehera 20 herrialde inguruko 300 ikasle etorriko dira Bilbora sektoreko enpresak, profesionalak eta Euskadiko eta Nafarroako eskola eta unibersidadeetan diseinua ikasten dabizen gazteak be batuko dituan ekitaldira. Urtero 72 herrialdetako 10.000 kontzeptu inguru aurkezten dira lehiaketara. Adituen nazinoarteko epaimahai independente batek emongo dau guztira 50.000 euroraino heltzen dan sari nagusia kontzepturik nabarmenentzat, kontzeptu irabazleak iF Designen beraren plataforman online argitaratzeko eta nazinoarteko bitartekoen eta sare sozialen bidez nahiz Taipein egingo dan erakusketa baten bidez zabaltzeko.
Nazinoarteko 2.400 agente eta komunikabide espezializadu zein orokorrek baino gehiagok emongo dabe Bilboko ekitaldiko komunikazinoen barri eta euskal diseinuak toki nabarmena izango dau bertan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!