Ixone Sadaba, Chiharu Shiota eta Marisa Gonzalez artistak izango dira buru 2025ean
2025-01-10 09:18 KultureaIxone Sádaba bilbotarraren Escala 1:1 erakusketea izango da lehenengoa zezeilaren 6an.
2025ean Zentroak nazioarteko arte garaikidean erreferente diran hiru emakumeren lana aurkeztuko dau: Ixone Sádaba euskal sortzaileak Lemoizko zentralari egindako begirada artistikoa Escala 1:1 erakusketea izango da lehenengoa zezeilaren 6an; maiatzetik irailera bitartean Chiharu Shiota artista japoniarraren erakusketea izango da Azkuna Zentroan, munduko arte garaikideko figura nabarmenetako bat, My house is your house erakusketea aurkeztuko dau. Shiota, bere herrialdetik kanpo bizita Veneziako Bienalean bere herrialdea errepresentau dauen lehen artista japoniarra da; eta Azkuna Zentroak 2025ean egingo dauen hirugarren erakusketa handia urteko azken hiruhilekoan izango da, Marisa González artista bilbotarragaz, Velázquez 2023 Saria, 70eko hamarkadatik aurrera arte sorkuntzan erreprodukzino eta komunikazinoaren teknologia barriak apliketan aitzindaria izan dana.
Ixone Sádaba (Bilbo, 1977).
Escala 1:1 lanean, Ixone Sádabak ikerketa fotografikoa egiten dau Lemoizko zentral nuklearraren ondare material, sinboliko eta politikora hurreratzeko. Erakusketeak argazki-hartuneen hainbat sekuentzia zabaltzen ditu, Basordas kalan 1971 eta 1982 bitartean eregitako multzoaren hormak eta ikuspegiak berregiteko. Erakusketa-aretoaren horma nagusian proiektautako irudiek hainbat hamarkadatan sarbide publikorako debekatutako espazio horretara hurreratuko gait.
Carles Guerrak komisariautako proiektu artistiko honek sarbide-politika barri bat irudikatzeko aukerea emoten deusku.
Era berean, proiektu artistiko honetan 1974an obrak bisitetako eregitako begiratokiaren erreplika bat sartu da. Jatorriz, Lemoizko instalazinoetara doan errepidetik hur dagoan gainalde batean egon zan baina orain erakusketearen espazio nagusirako sarbidean dago bertatik joana, oraina eta etorkizuna ikusi ahal izateko.
Artearen munduan 20 urtetik gorako esperientzia izanik, AEBetan, Londresen eta Iraken artean ibili da lanean eta hainbat lekutan erakutsi ditu bere obrak, besteak beste, Guggenheim Bilbao Museoan, Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofían, Torontoko MoCCa Contemporary Art Museumen eta New Orleanseko Contemporary Arts Centeren.
Chiharu Shiota (Osaka, 1972).
Erretratua: chiharu-shiota.com
Maiatza eta iraila bitartean, Azkuna Zentroak Chiharu Shiota artistearen My house is your house erakusketea aurkeztuko dau.
Ana Mendietaren eta 70eko hamarkada hasierako artista feministen belaunaldi oso baten oinordekoa, Chiharu Shiotak bere gorputza esku hartzeko espazio lugez lantzen dau, loturea lurragaz, joan eta memoria jorratzen dituen performanceak eginez.
Artilea material nagusi gisa erabilten daben instalazinoakaitik da ezaguna. Bere bilbadurek erakarpen onirikoa sortzen dabe eta, aldi berean, memoria, forma filosofiko baten existentzia eta forma horren faltea berpizten dabe.
Chiharu Shiotak, besteak beste, Hammer Museum, Los Ángeles, Queensland Art Gallery of Modern Art (QAGoMA), Brisbane; ZKM | Zentrum für Kunst und Medien, Karlsruhe; Museo de Nueva Zelanda Te Papa Tongarewa, Wellington; Museo de Arte Mori, Tokio; Gropius Bau, Berlín; Galería de Arte del Sur de Australia; Yorkshire Sculpture Park, Reino Unido; Museo de Arte de Kochi; eta Museo Nacional de Arte de Osaka museotan erakutsi dau bere lana.
Nazinoarteko erakusketa askotan be parte hartu dau, besteak beste, Oku-Notoko Arte Jaialdian, Sydneyko Bienalean, Echigo-Tsumariko Artearen Hirurtekoan eta Yokohamako Hirurtekoan. 2015ean, Shiota Veneziako 56. Bienalean Japonia ordezkatzeko hautatu eben.
Azkuna Zentroko erakusketeak haren ibilbidea aztertu eta Bilbon eta Alhondegiaren arkitekturan inspirautako instalazino barriak batuko ditu.
Marisa González
Erretratua: marisagonzalez.com
Azkuna Zentroak 2025ean egingo dauen hirugarren erakusketa handia urteko azken hiruhilekoan izango da, Marisa González artista bilbotarragaz; atzera begirako erakusketak, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofíak (Madril) Azkuna Zentroagaz lankidetzan eta Violeta Janeirok komisariauta, 1943an Bilbon jaiotako artistearen ibilbidea errepasetan dau.
Erakusketeari hirurogeita hamarreko hamarkadan, Chicagoko Art Institute eskolako Sistema Sortzaileen Departamentuan trebatu zanean egindakoa ardatz hartura ekiten deutso. Gonzalezek baliabide horreek erabili zituan arte-sorkuntzearen eta irudiak komuniketako eta erreproduziduteko teknologien arteko alkarguneetan sartzeko. Esangura horretan, aurrerazalea izan zan garai haretako Espainiako artearen agertokian.
Marisa Gonzálezek 60 erakusketa indibidual baino gehiago eta 150 erakusketa kolektibo baino gehiago egin ditu museo eta bilduma ugaritan, besteak beste, Veneziako Bienalean, Reina Sofía Museoan, Tabacaleran (Madril), edo Centro de Cultura Contemporánea de Barcelonan (CCCB).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!