Kirolene Kirol Irakaskuntzen Zentroa Durangon, Landakon, kokatuko da
2025-01-10 08:02 KultureaAlbiste bikaina da Durangorako, kirolagaz eta hezkuntzeagaz dogun konpromisoa indartzen baitau.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak Landako orubea bisitau dabe bar, izan be, bertan, Kirol Irakaskuntzen Zentro barriaren instalazioak egongo dira. Kirolenek Bizkaiko Durango herrian jarraituko dau eta haren diseinuak aurrera egingo dau lursaila laga ondoren, azpiegiturak izan behar dituan ezaugarri nagusiak zehaztuta.
Kirolene Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren prestakuntza-zentro publiko bakarra da eta araubide bereziko erdi-mailako eta goi-mailako kirol-irakaskuntzak emoten ditu. Ikastetxea 2009an sortu zan, ordura arte hezkuntza-sistematik kanpo egozan prestakuntza batzuei balio akademikoa eta profesionala emoteko. Ordutik, eta pixkanaka, ikastetxeak kirol-modalidade eta espezialidade ugari txertatu ditu, zentroaren prestakuntza-planaren egungo konfigurazinora heldu arte.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Kiroleneren garrantzia azpimarratu dau, kirol irakaskuntzetan erreferentzia baita Euskadin: “herrialde honetako hezkuntza-eskaintzearen parte da, maila garrantzitsua kirolean, praktikan edo irakaskuntzan ibili gura daben personek aukeratutako bizi-proiektura egokitutako ibilbidea izan deien”. Pedrosak azaldu dauenez, 'gaur egun 561 ikasle dabiz ikastetxean ikasten eta oraindino ez da espezialidade guztietan matrikulea edegi; beraz, matrikula gehiago erregistrauko dira datozen hilebeteetan.
Bestalde, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak Kirolene udalerrian egoteak dauen inportantzia estrategikoa azpimarratu dau: albiste bikaina da Durangorako, kirolagaz eta hezkuntzeagaz dogun konpromisoa indartzen baitau, gure gizartearen etorkizuna eregiteko oinarriko zutabeak baitira. Kiroleneren presentziak erreferente legez kokatzen gaitu etorkizuneko kirolarien eta teknikarien prestakuntzan, lehen mailako instalazinoak eta baliabideak eskainiz hazkunde personal eta profesionalerako diseinautako ingurunean. Gure neska-mutilen kirolaren esparruko erreferenteak sortzeaz gan, Durango eta Euskadiren etorkizuna dira, proiektu honek tokiko garapena bultzatzen dau, lurraldeko hezkuntza eta kirol-jarduerak dinamizetako dauen gaitasunagaitik.
Lurraren lagapena, apirilean
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Tabiran Kirolenerentzat eskainitakoa baino lursail handiagoa eskatu eutson abenduan Udalari. Horregaitik, beste aukera bat bilatu da. Oraintsu urbanizautako 3.484 m² inguru dituan Landakoko lursaila (UE-16 Arripausueta) ekipamendurako da. Horregaitik, partzela hori Landakon erabiltea erabagi da, behar hori asetzeko, kokapena eta neurriak egokiak diralako eta, gainera, inguruan instalazino gehiago dituan kirol-ingurunean dagoalako.
Lurra Eusko Jaurlaritzari lagateko hitzarmena aurtengo apirilean formalizauko da. Mireia Elkoroiribe alkateak azaldu dauenez, Udala lankidetza estuan dabil Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailagazn, lagapena eta obren hasierea modu arin eta koordinatuan egiten dirala bermatzeko.
Zabalarra handitzea eta hobekuntzak institutuan
Hezkuntza sailburuaren eta Durangoko alkatearen arteko topaketak Zabalarra Eskolaren zabalkundeari buruzko informazinoa kontrastatzeko be balio izan dau. 1,2 miloe euroko aurrekontuagaz egiten dabizen handitzearen ondorioz, sukalde-jantoki bat eregi eta aurtengo irailean jarriko da martxan.
Era berean, Hezkuntza Sailak laster lizitauko du Fray Juan de Zumarraga Bigarren Hezkuntzako Institutuko frontoia handitzeko eta estaltzeko proiektua. Jarduerak irisgarritasun-hobekuntzak eta harmailak kentzea batzen ditu eta 1,2 miloe euroko inbersinoa ekarriko dau. Era berean, Hezkuntza Sailak bere obra-planean jasota dauka institutu bereko ekitaldi-aretoa birgaitzea be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!