Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik eta Tabakalerak gidoiak idazteko tailerra atondu dabe
2025-01-09 07:45 ZinemeaIzena emoteko epemugea: 2025ko urtarrilak 22.
Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoak eta Tabakalerak film luze eta dokumentalen proiektuen gidoiak idazten ikasteko tailerra atondu dabe datorren zezeilerako Tabakaleran, Miguel Machalskiren zuzendaritzapean.
Gidoiak idazteko tailerra zezeilaren 10ean eta 11n izango da Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian Miguel Machalski gidoi analista ospetsuaren eskutik.
Miguel Machalski
Argentinan jaio zan, ama britainiarra eta aita poloniarra zitualarik. Gaur egun Frantzian bizi da eta nazinoarteko zineman lan egiten dau gidoilari, aholkulari eta tutore. Bere profil multikulturalak eta poligloteak ikuspegi global parebakoa emoten deutso proiektu zinematografikoak jorratzeko.
Esperientzia dau nazinoarteko estudio handiakaz (StudioCanal Plus, Gaumont eta Svensk Filmindustri) eta hainbat produkzino etxe independegaz. Aholkularia izan da Creative Europe MEDIA programako garapen eta formakuntza-programetan (Script Station Berlinale, Maia, EAVE, Sources2, Powr, LIM, Creative Europe Desks Hamburg/Catalunya/Euskadi/Slovenia/Latvia) eta lankidetzan ibili da Binger Institutuagaz Herbehereetan, VAF Belgikan, CNA Luxenburgon eta antzeko beste ekimen batzuetan. Bere ibilbidean, 20 film-gidoi baino gehiago sinatu edo idatzi ditu, genero askotan, eta, gaur egun, 10 masterclass eta tailer emoten ditu urtero, Europa, Asia, Afrika, Ekialde Ertaina eta Latinoamerika lako eskualdeetako proiektuak aholkatzeaz gan.
Ikus-entzunezko idazketeari buruzko hiru liburu argitaratu ditu: El guion cinematográfico: un viaje azaroso, El punto G del guion cinematográfico eta ScreenTelling (ingelesez). Lehen titulua portugesez be argitaratu da Brasilen. Gidoigile lanak be egin ditu, besteak beste, Billy Elliot (Stephen Daldry), Femme Fatale (Brian de Palma), The Interpreter (Sydney Pollack), Saraband (Ingmar Bergman), Mar adentro (Alejandro Amenábar) eta Million Dollar Baby (Clint Eastwood) filmeetan.
Helburuak
- Gidoiaren garapen eta idazketa-prozesuan orientazinoa emotea.
- MEDIA Co-development deialdirako proiektuak prestetea.
- Personalizautako aholkularitzea (feedback-ak, ideiak, iradokizunak, aholku praktikoak...).
Norentzat
Film luze baten proiektua lantzen dabizen eta egoitzea Euskadin daben gidoilariak.
Lanerako hizkuntzea
Gaztelania.
Aurkeztu beharreko dokumentazinoa
PDF edo word formatuetan aurkeztutako artxiboak baino ez dira onartuko: atxikitako dokumentua eta orrialde bakarreko sinopsia. Horrezaz gan, 10-15 orri inguruko tratamendua, eskuragarri baldin badago, alkarrizketea daben 2 edo 3 eszena eta/edo eskaleta.
Parte-hartzaileen eta produktorearen (Curriculum Vitae) eta produkzino etxearen bilakaerea.
Irrati-difusinoko erakundeakaz izandako hitzarmen, filmak jasotako laguntza eta bestelakoei buruzko informazinoa.
Aukeratutako 6 proiektuek ordu biko aholkularitza personalizatua izango dabe (feed-backa, ideak, iradokizunak, aholku praktikoak, analisiak...), tailer honen antolakuntzeak esleitutako egunetako batean (zezeilaren 10 edo 11) parte-hartzaile bakotxari aukeraketea egin ondoren zehaztuko jako ordutegia.
Noiz aurkeztu
2025ko urtarrilaren 22a baino lehenago aurkeztu behar dira Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoko posta elektronikoan (a.gonzalez@europacreativaeuskadi.eu) atxikita dagoan formularioa behar bezela beteta eta eskatutako dokumentazinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!