Bilboko BBK Salak Gerraren inguruko testigantzak batuko ditu hainbat ikuspegitatik
2025-01-08 10:35 KultureaUrtarrilaren 23an izango da.
Hamar bat adituren bitartez, problematika hori hainbat ikuspegitatik ulertzen lagunduko deuskue: erresilientzia-istorioak, eragin psikologikoa teknologia gatazka modernoetan, errefuxiatuak eta itsas erreskateak, berreregitea eta bake-prozesua...
Urte birik behin egitea da asmo eta aurten lehenengoagaz datoz: Mundo Cero Talks BBK, Mundo Cero ikus-entzunezko produkzino etxeak sustatua, BBK Fundazinoaren laguntzeagaz. Jardunaldia arratsaldeko 16:00etatik 20:30etara izango da eta aditu bakotxak gerraren ondorioen inguruko 15 minutuko hitzaldi bana eskainiko dau. Bertan, zelako eragina dauen gerrak gizartean eta zer egin geinken aldaketea bultzatzeko jorratuko da.
Ekitaldia erakundeei, gizarte-eragileei, eduki-sortzaileei, enpresaburuei eta komunikabideei zuzenduta dago.
Ekitaldia Tania Llasera erreportari eta aurkezleak gidatuko dau eta honako honeek hartuko dabe parte: Óscar Camps erreskatatzaile, aktibista eta Open Armseko sortzailea; Jesús A. Nuñez Villaverde, mundu arabiar-musulmanean eta gatazka larrien aurrean bakea eregiten aditua; Carmen Magallón, WILPF Espainiako Emakumeen Nazinoarteko Ligako ohorezko presidentea; Anna Surinyach, mundu osoan giza-hondamendi handiak lantzen dituan fotokazetaria; Khalida Popal, futbolari eta ekintzaile feminista afganiarra; Muzoon Almellehan, ekintzaile eta errefuxiatu siriarra, errefuxiatuak eskolatzen egindako lanagaitik ezaguna; Gil Arias, Mugetako Guardiaren Europako Agentziako zuzendari ohia, Rafael Vilasanjuan, Mugarik Bako Medikuen idazkari nagusi ohia eta migrazinoetan aditua; eta Ana Palacios, kazetaria eta argazkilaria, giza eskubideetan eta lankidetza-proiektuetan espezialistea.
Mundo Cero Talks BBK jardunaldiagaz dibulgazino-gune bat sortu nahi da, Mundo Cero ikus-entzunezko produkzino-etxeak bere sorkuntzak ardatz dituan gaiak jorratzeko: gerrea, iraunkortasuna, ezbardintasuna, osasuna, hezkuntzea, klimea eta pobrezia. Mundo Cero Talksen helburuak zinema egiteaz gan, YouTubeko kanalean eduki jarraituak sortzea be badai, problematika horreek zabaltzen eta sensibilizetan laguntzeko. Orain, Mundo Cero Talks BBKren ekimen barri honi esker, zazpi gai horreetako bakotxa urte birik behin landu nahi da.
Urtarrilaren 23ko jardunaldiaz gan, Mundo Cerok Hate Songs fikzinoko filma egin dau, Alejo Levisek zuzendua eta Malagako Zinemaldiaren aurreko edizinoan aurkeztua. Filmak Ruandako genozidioa dau ardatz eta bere gizartearen egoerea islatzen dau 30 urte geroago. Film luze honek batutako dirua Ruandako errefuxiatu-esparruetako 16 irakasleren soldatea finantzietako erabiliko da, ACNURegaz lankidetzan egindako hezkuntza-proiektu baten bidez.
Ibon Cormenzana zinemagile bilbotarrak sortua, Mundo Cero Bilbon egoitzea dauen produkzino etxea da eta aldaketa soziala bultzatzen dau ikus-entzunezkoen bidez. Aitatutako zazpi gai horreetako bakotxagaz film bat egiten dabe eta GKE bategaz lotzen dira, beren proiektuak ikusarazo eta horreek garatzeko dirua batzeko. Aldi berean, Mundo Cerok hainbat eduki sortu eta Youtubeko bere kanalean argitaratzen ditu. Helburua ikuslea hezi, kontzientziau eta ekintzarako motibetea da. Hirugarren zutabea Mundo Cero Talks da, urte birik behin egiten dana arazo horreetan sakontzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!