Bosteko 2024: 'Karratu beltz leuna'

Bizkaie! 2024-12-27 10:58   Kulturea

Basaurin dago 2024ko abenduaren 23tik 2025eko urtarrilaren 19ra.

Bosteko 24 erakusketa ibiltariak bere ibilbidea amaituko dau Basaurin, Karratu beltz leuna erakusketeagaz. Ariz Torretxeko gela 0k ekimen honen edizino barria hartuko dau abenduaren 23tik urtarrilaren 19ra arte.

Karratu beltz leuna hiru emakume artistaren proposamena da: Maider Aldasoro, eskultura eta ikus-entzunezko piezea, Leire Lacunza, argi-instalazinoa eta Natalia Suarez Ortiz de Zarate, pinturea. Euren lanek erakusketearen inguruko hausnarketea egiteko proposamena dakarte, zentzuzko judizioa aldi baterako eteten dauen arreta-modu berezi bat aktibetako gai dan interfaze legez.

Arrazoimenaren parentesi horretan esperientzia pertzeptibo, haragizko eta afektiboa agertzen da, kasu honetan artelana. Erakusketeak espazio esegian sartzea proponiduten dau, objektu artistikoari modu barrituan begiratzeko eta, hortik, galdera hau egiteko: Zer bitxikeria dago formearen atzean?

Erakusketea Leioan hasi zan eta urtean zehar jarraituko dabe Bostekon parte hartzen daben udalerriek:

  • Leioa, irailaren 16tik urriaren 6ra.
  • Amorebieta-Etxano, urriaren 15etik zemendiaren 3ra.
  • Getxo, zemendiaren 5etik 25era.
  • Arrigorriaga, zemendiaren 28tik abenduaren 18ra.
  • Basauri, abenduaren 23tik 2025eko urtarrilaren 19ra.

Bosteko erakusketa ibiltaria da eta bere helburu nagusia euskal artista plastikoen lana zabaltzea eta ezagutzea da, jente guztiak eskuragarri izan daian.

Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen dau eta bertan Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Basauri, Leioa eta Getxo udalerriek parte hartzen dabe.

Bitartekaritza programea Basaurin

Alkarrizketa performatiboa. Arizko Torretxea, Basauri

2025/01/10 barikua, 19:00retan

Ikusten zaitudan lekutik

Negu bakoitzean, Andoni Zamora eta Maider Aldasoro artistak batu egiten dira eta momentu horretan beren lanetan eragina daben irudien inguruan hausnartzeko. Ikusten zaitudan lekutik deitu deutsen bileran, hurrengo alkarretaratzea eta neguro emoten dan alkarrizketea Arizko Torretxera ekartea proponiduten dabe. Bertan, alter egoak, sormen-prozesuen ezbardintasunak eta lantzen dabizan estrategia performatiboak izango ditue berbagai.

Bisita gidatuak

Arizko Torretxean, Basaurin:

Gaztelaniaz: 2025/01/16 goizeko 10:00etan.

Euskeraz: 2025/01/16 goizeko 11:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu