Arriaga Antzokiak '1936' obrearen hitugarren saioa programau dau
2024-12-27 07:55 KultureaZezeilaren 2an izango da.

Urtarrilaren 31rako eta zezeilaren 1erako programautako saioek interes handia piztu dabenez (sarrerak agortuta dagoz), Arriaga Antzokiak eta ikuskizunaren sustatzaileak hirugarren saio bat eskaintzea erabagi dabe, zezeilaren 2an, domekan, arratsaldeko 17:00etan.
Andrés Limak zuzendutako antzerki-proiektu hain berezi honek 4 ordu eta 15 minutuko iraupena dau (deskantsu bi) eta, horregaitik, antzezkizunak normalean baino lehenago hasten diran arren, orain hilebete antzezlana Madrilen estreinau ebenetik, aretoa beteten dabiz Espainiako historiako jazoera historiko esanguratsuena dan Gerra Zibilaren ikuspegi poliedrikoa eta korala eskaintzen dauen obrea ikusteko. Antzezlana Albert Boronat, Juan Cavestany, Andrés Lima eta Juan Mayorgak idatzi dabe eta jazotakoari begirada analitikoa eta kritikoa eskaini nahi deutso baina alderdikeriak eta propagandea baztertuz. Boronat eta Limaren dramaturgia, gainera, proiektu handigurako hau Antonio Durán Morris, Alba Flores, Natalia Hernández, María Morales, Paco Ochoa, Blanca Portillo, Guillermo Toledo eta Juan Vinuesak osotutako antzeztaldeak agertoki gainean defendidu daien eregita dago.
Antzeztaldeaz gan, nabarmentzekoa da Coro de Jóvenes de Madrid abesbatzaren parte-hartzea, Juan Pablo de Juanek zuzentzen dauena.
1936 antzezlanak nondik gatozen gogoratzeko ezinbestekoa eta beharrezkoa dan ikuspegia eskaintzen deusku. Sormen taldeak, Shock 1 eta Shock 2 antzerki-proiektuak egin zituanak, hilebeteak emon zituan datuak eta oharrak bilatzen eta ikerketa eta dokumentazino lan neketsu eta sendo bat egin ondoren, artefaktu eszeniko barri hau eratzen hasi zan. Shocka erregimen ekonomiko, politiko eta sozial bat ezartzea eragiten dauen gizarte baten gaineko kolpe gogor lez ulertu ezkero, Espainia, 36an, 40 urte iraungo zituan shock handi baten hasierea izan zan; shock horren eragina erabagigarria da oraindino be Espainiako gizarteko estamentu eta klase guztietan.
1936, beraz, beste shock handi baten antzerkiaren isla da eta Bilbon izango dogu urtarrilaren 31tik zezeilaren 2ra. Zezeilaren 2rako sarrerak salgai dagoz hemen, 17 eta 30 euro artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!